Nafarroa

Bertsolaritza kultur intereseko ondasun izendatuko dute

Urte hasieran Nafarroako Bertsozale Elkarteak egindako eskaerari baiezkoa emanda, bertsolaritza kultur intereseko ondasun izendatuko du Nafarroako Gobernuak. Hartara, ondare materiagabe gisara babes maila gorena jasoko du. Eskaera egiteko, bertsolaritzak lurraldean izan duen eta egun ere baduen presentzia eta garrantziari buruzko txostena aurkeztu zuen Nafarroako Bertsozale Elkarteak, esparru bati baino gehiagori erreparatuta: historiari eta etnografiari dagozkionak, errotzea, komunitateen parte hartzea, bilakaera... Horiek guztiak aintzat hartu ditu Nafarroako Gobernuak, eta izendapena gauzatzeko urratsak egiten hasi da. Tramiteak udazken honetan bertan amaitzea aurreikusi dute. Behin izendapena gauzatuta, bertsolaritza babesteko neurriak hartuko ditu Nafarroako Gobernuak. Izendapena jasotakoan Lantzeko inauteriek, Hiru Behien Zergak, Ituren eta Zubietako inauteriek, Luzaideko Bolantek eta Cortesko makil dantzak osaturiko zerrendara gehituko da bertsolaritza.