Ahize-AEK, hiru proiektu berri esku artean

Ahize-AEK Hizkuntza Aholkularitza Zerbitzuak euskara planak sustatzeko aholkularitza eta normalizazio zerbitzua eskainiko ditu Oiartzungo enpresa txiki eta ertainetan. Udalak Lanin egitasmoa jarri zuen martxan pasa den urtean, 50 langile baino gutxiago dituzten enpresetan euskararen erabilera handitzeko. Ahize-AEK beharrak aztertu eta egitasmoa diseinatzeko aholkularitza zerbitzua ematen ibili da sei hilabetez; ondoren etorri da kontratazioa, diseinu horren garapena egiteko. Plana bi urtean gauzatuko da. Halaber, Ahize-AEK Urola Kostako Udal Elkartea-Euskara eskura enpresa txikietan izeneko programako jarduerak egiteko aholkularitza zerbitzua ematen arituko da; baita Nafarroako Parlamentuko euskara planaren diagnostikoa, diseinua eta urtez urteko ebaluazioa egiten ere, hurrengo lau urteetan.