Ezagutu Gernika-Lumo eta inguruak, Berbalagunen eskutik

gernikaGernika-Lumoko Berbalagun proiektuak Gernika-Lumo eta inguruak ezagutzeko ibilbideak izeneko gida kaleratu du. Hamabost ibilbide batzen ditu, guztiak ere Berbalagun taldeak egindakoak, batzuetan oinez, beste batzuetan garraio publikoa erabiliz, baina euskara beti ahoan.
Gernikako AEK-k, Aita Villasante Udal Euskaltegiak, Gernika-Lumoko Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Busturialdean Euskaraz Bizi elkarteak 2003an jarri zuten martxan Gernika-Lumoko Berbalagun. Harrezkero, hainbat eta hainbat jarduera eta ekimen antolatu ditu, besteak beste bederatzi txango urtean. Horietako batzuk aukeratu dituzte gida osatzeko: “Bertoko baso ederrenak, haran erakargarrienak eta tontor maiteenak ezagutu ditugu. Kobetan izan gara, trikuharriak ikusi ditugu, Burdin Aroko gotorlekuak bisitatu ditugu, eta Erdi Aroko zubi eta galtzada zaharretatik ibili gara, euskara ahoan” adierazi dute gidaren aurkezpenean. Gonbita ere luzatu dute: “Gida txiki honetan, geuk egindako ibilbideetako batzuk eskaintzen dira, ikusi izan ditugun bazter zoragarriak edonork ezagut ditzan”. Gernika-Lumotik abiatu eta bertara bueltatzen dira ibilbideak, betiere egun erdiko plan txikiak. Hurrengoa, Astorkin hasi eta Gernika-Lumon bukatuko da, Albiz, Mendata eta Kanpantxutik igarota.