Izugarrikerietara moldatzen zaren unean, etxean geratzeko unea da

irazabalAne Irazabal, kazetaria

Ekialde Hurbilean, nagusiki, eta beste hainbat lekutan gertatzen direnen berri ematen du Irazabal (Arrasate, 1984) freelance kazetariak. Telebistan, irratian nahiz prentsa idatzian, “aurrean daukadana ahalik eta zintzoen kontatzen saiatzen naiz”. Historia eta Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi eta 2011n lanean hasi zenetik hainbat lekutan izan da: Palestina, Libano, Egipto, Grezia, Balkanak... Aurten prentsa idatzizko Argia saria jaso du. Ekialde Hurbila, muinak eta ertzak argitaratu du, Mikel Ayestaran eta Karlos Zurutuza kazetariekin batera.

Bangladeshetik etorri berri zara, rohingyen krisia jasotzetik. Nolako aldarteaz?
Oso-oso gogorra izan da. Errefuxiatuen ikuspuntutik begiratuta, orain arte ikusi dudan gogorrena. Europako kanpalekuen egoera oso latza zen, baina Bangladeshekoarekin konparatuta dena geratzen da txiki. Milioi erdi pertsona baino gehiago, eta oso egoera tamalgarrian, hein handi batean montzoi garaia delako. Gainera, ezin ahulago datoz, nutrizio ezak zeharo indargabetuta, gosez, haien herrialdean kristoren ezbeharrak bizi ostean.
Azken urteotako krisi humanitario larrienak hedabideetan tarte handirik ez. Garrantzia ematen al diogu?
Ez. Urrunegi ikusten dugunez, ez gaitu kolpatzen. Hortaz, eta enpatia eguneroko ahalegina denez, ez dugu beharrik ikusten.
Ryszard Kapuscinskik zioenez, “zinikoek ez dute balio ofizio honetarako”.
Ofizio honetan, ziniko asko ezagutu ditut. Tamalez, bai. Ziniko izanda lan egin daiteke ofizio honetan. Ez luke balio behar, baina, zoritxarrez, errealitatea bestelakoa da.
Gatazkaz gatazka ibilita, izugarrikerietara ohitu egiten al da pertsona?
Ez. Gainera, izugarrikerietara moldatzen zaren unean, zinikoa bihurtzen zarela uste dut. Izugarrikerietara moldatzen zaren unean, etxean geratzeko unea da. Ni ez naiz ohitu, eta ez daukat ohitzeko asmorik.
Zer-nola itsutzen gaitu azken orduko albisteen jarioak?
Asko. Uste dut zentzu horretan azkenaldian ikuspegia galtzen hasiak garela. Egia da albistegiek beti jarraitu dutela breaking news edo azken orduko albistea; hori horrela izan da beti, eta horrela izaten jarraituko du. Baina orain lehen baino askoz ere akats gehiago egiten ditugu, presak ez digulako astirik ematen gauzak bi aldiz pentsatzeko eta kontrastatzeko. Orain, dena kontatu behar da unean-unean, eta ez du axola egia den ala ez. Horrek, azkenean, izugarrizko nahastea sortzen du. Oso gauza arriskutsua da kazetaritzan, baina hedabide guztiok erortzen ari gara akats horretan.
Ekialde Hurbila, muinak eta ertzak. Azterketa pausatuei arreta handiagoa eskaini beharko genieke?
Bai. Bueno, liburu honetan saiatu gara. Gu hainbat tokitara joaten gara, haietan ikusten duguna kontatzeko aukera daukagu, eta horixe da gure balio erantsia. Agian, ez izugarrizko azterketak eginez, baina bai kronika moduan, elkarrizketatu edo ondoan izan ditugun pertsonak aukeratuta, errealitatea kontatzen saiatzeko. Hori ahalegindu gara egiten Ekialde Hurbileko hainbat herrialdetan: ikusi duguna kontatu, egoera nola dagoen ulertzeko hainbat esparru aztertuta. Ondoren, horri buruzko hausnarketa egitea irakurleari dagokio.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Oro har, irratia pizteak.
Eta tristatu? Ezerk ez bereziki.
Zerk eragiten dizu barrea? Edozein tontakeriak. Oso barre erraza daukat.
Eta negarra? Azkenaldi honetan, asko hunkitzen ari naiz, eta dezente negar egiten ari. Liburu batek, askotan.
Zerk haserrearazten zaitu? Axolagabekeriak, asko. Gelditasunak. Azkenaldi honetan, adibidez, Europa oso geldirik ikusten ari naiz, oso zaharkituta.
Bizio bat: Azazkalak jatea.
Herrialde bat: Egipto. Oso herrialde kartsua da, sutsua, bizitzaz gainezka dago. Kazetari bat: Bere umiltasunagatik eta dakien guztiagatik, Eugenio Garcia Gascón.

Eñaut Mitxelena