Konkistari planto

gamazada

Ehun urte pasatxo eman ditu zutik Iruñeko bihotzaren erdian. Herrialdeko bilakaera sozio-politikoaren lekuko mutua izan da Foruen dama. Izan ere, 1903tik hona asko aldatu da Nafarroa; haatik, oroitarriak beti gogoratuko digu zer garen, geure arbaso hilezkorren arima biltzen baitu: nafar askatasunaren sinboloa da. Eskulturak duela 120 urte izan zen herri matxinada ekartzen digu gogora, Gamazada izenarekin ezaguna den mugimendua, alegia. Arkaitz Almortza. Argazkiak: Auñamendi Eusko Entziklopedia.

 

 

“Gu gaurko euskaldunok gure arbaso ilezkorren oroipenean bildu gera emen gure legea gorde nai degula erakusteko”. Foruen damaren oinetan irakur daitezken hitzok XIX. mendeko Nafarroako jendarteak idatzi zituen, herrialdearen historia liburuan betiko gorde daitezen. Mezu argi bezain garbia utzi nahi izan zuten: aldaketak aldaketa, nafarrek ez zuten galtzen utziko arbasoen aberriaren arima. Izan ere, 1893 eta 1894 bitartean, Espainiako Ogasun ministro German Gamazok Foru sistema ezabatu nahi izan zuen, Nafarroari geratzen zitzaion azken eskumenetako bat deuseztatuta. Erabaki horrek haserrea sortu zuen herrialdean eta herritarrak matxinatu egin ziren lege zaharraren defentsan.
Dena den, Sagastaren Gobernu liberalaren erabakia historikoki Espainiak Nafarroarekin izandako jarreraren jarraipena baino ez zen izan. 1512ko konkistaren ostean, Gaztelak pixkanaka ebaki zizkion hegoak euskaldunen aberriari, menpeko egin zuenean erresuma zaharraren egitura errespetatuko zuela zin egin bazuen ere.
Horiek horrela, XIX. mendean, Lehen Karlistadaren ostean, Espainiak Nafarroak historikoki zituen eskumenak baliogabetu zituen, herrialdea gainerako probintziekin parekatu nahian. Horrela, zerga berriak ezarri zizkion Madrilgo gobernuak, eta nahitaezko zerbitzu militarra inposatu zien nafarrei; trukean, Foruak errespetatuko zituen Estatuak. Horrela jaio zen 1841eko Lege Hitzartua, Nafarroa Bizirik ekimenaren hitzetan “nafarren askatasunari ezarritako beste muga bat” (Gamazada, 1893-1894. Etengabeko konkista).
Urte gutxiren bueltan, beste bi Karlistada izan ziren, eta, horien eraginez, herrialdea ahul zegoen ekonomikoki eta politikoki. Esaten den bezala, gerra osteko urteak izaten dira gerrako une gogorrenak, eta hori zen, hain justu, nafar jendartea pairatzen ari zen egoera. Testuinguru horretan, 1893an, Gamazok Nafarroari geratzen zitzaion azken eskumena ezabatzeko asmoa adierazi zuen, boterea zentralizatuz eta zerga berriak ezarriz.
Hala, nafar askatasunaren azken hondarra kinka larrian zegoen. Hori dela eta, jendarteak indarra bildu zuen kanpoko erasoei aurre egiteko. Ogasun ministroak maiatzaren 11n adierazi zuen bere asmoa, eta 19an lehen protestak egin ziren Iruñean, herri matxinadari ateak zabalduta. Handik gutxira, El Eco de Navarra egunkariak dei egin zuen bost merindadeetako bizilagunak kalera irten zitezen maiatzaren 28an.  
Herritarren haserrea aitaren batean zabaldu zen lurralde osoan. Nafarroa Bizirik ekimenak bildu duenez, Ablitas herriak ondorengo mezua igorri zion espainiar ordezkariaren ganberari: “Nafar bat existitu bitartean, euskotar edo baskoi arrazaren oinordeko bakan bat bertan den bitartean, espainiar erregeek errespetatzea agindu zuten foruen estandartea gogotsu astinduko da probintzia honetan”.
Bien bitartean, erakundeak sinadurak biltzen hasi ziren Gamazoren proposamenari planto egiteko. Orotara, 120.000 bildu zituzten, Nafarroak 300.000 biztanle zituen garaian. Herriaren amorrua islatzen du izen-abizenen zerrendak, zalantzarik gabe. Oro har, matxinada baketsua izan zen; haatik, maiatzaren 30eko gauean, Lopez Zabalegi sarjentuak Garesko Isabel Deuna gotorlekua hartu zuen soldadu talde txiki baten laguntzarekin. Protestak ez zuen aurrera egin, eta Zabalegik ihes egin zuen.
Garesko gertakariek egoera nahasi zuten. Hori dela eta, ekainaren 4an egin behar zuten manifestazioa eteten saiatu zen Madril; alta, nafarrak kalera irten eta herrialdean ordura arte egin zen manifestaziorik handiena egin zuten: 18.000 lagun elkartu ziren, bai Nafarroakoak, baita gainerako euskal lurraldeetakoak ere (28.886 biztanle zituen Iruñeak garai hartan). Agerraldia Iruñeko Orfeoiak abestu zuen Gernikako Arbola kantuarekin amaitu zen.
Uztailaren 21ean, Nafarroako jendartearen aldarriaren babespean joan zen Madrilgo Gortera ordezkari talde bat. Nafarrek 1841eko legea errespetatzeko eskatu zuten, baina alferrik izan zen: Gamazoren proposamenak aldeko 99 boto jaso zituen, eta 8 kontra (7 nafarrenak eta bat Kataluniaren ordezkari batena). Nafarroa Bizirikek azaltzen duenez, gainerako euskal herrialdeetako eledunen laguntzarik ez zuten izan. “Euren oligarkiaren interesak ez zituzten arriskuan jarri nahi, behe mailako biztanleen aldarrikapena zena defendatzearen truke”. Haatik, Nafarroak abian jarritako Foruen aldeko defentsa Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herrietan barna zabaldu zen.    
Urte hartatik aurrera, Nafarroako herri askotako kale eta plaza nagusiak Foru izenarekin izendatu zituzten, El Anunciador Iberico egunkariak hala eskatuta. Horietan lehena Tuterakoa izan zen, 1893ko irailean 1ean.
1894, laurak bat
Haserrea borborka, jendarteak argi zuen bere askatasunaren azken hasperenaren alde eginen zuela, garai hartako Monteagudoko kopletan irakur daitekeenaren arabera: “Y si el Gobierno de España sigue con sus pretensiones, se tomaran en Navarra serias determinaciones. Con Monteagudo y Cascante… Formemos una guerrilla para marchar adelante” (Monteagudoko koplak. 1894. Jarautako Joselico).  
Otsailean, Nafarroako diputatuak Madrilen elkartu ziren Foru sistemaren inguruan hitz egiteko.  Bilera hartan, ez ziren inolako adostasunera iritsi; alabaina, Nafarroak besoak zabalik jaso zituen askatasunaren alde egitera joan ziren politikariak. Hilaren 18an, 20.000 lagun elkartu ziren Castejongo tren geltokian nafar ordezkariei ongi etorria emateko. Tartean, euskal lurraldeen eta Kataluniaren ordezkariak zeuden.
Erriberako harrerak Sabino Arana Goiri hunkitu zuen. Izan ere, gau hartan, Madrildik zetorren trenarekin batera, Bizkaitik beste bat heldu zen Nafarroari elkartasuna adierazteko. Bizkaitarren artean, Eusko Alderdi Jeltzalearen sortzailea zegoen, bandera bat eskuan: “Jaun Goikua eta Lagi-Zarra. Agurreiten deutse Naparrei” irakur zitekeen oihal zurian. Foruen aldeko defentsak Laurak bat leloa indartu zuen.
Azkenean, Foru sistema ezabatzeko legea onartu zen arren, ez zen inoiz aplikatu, German Gamazo Kubara bidali baitzuten altxamenduari aurre egiteko. Herriak bi urte horietan bizitakoa luzaroan oroitzeko xedearekin, oroitarria ipini zuten Sarasate pasealekuan 1903ko apirilaren 7an; bizilagunek jarritako diruari esker altxatu zuten eskultura.
Munta handiko gertakariak oroitarazten dituen arren, monumentua ez da inoiz inauguratu. Horren inguruan, hainbat teoria daude: batzuek diote Nafarroako Diputazioak hartutako erabakia izan zela, hautsak ez zitezen harrotu; beste askoren esanetan, eskultorearen eta modeloaren arteko maitasun harremanak  izan zuen eragina. Foruen damaren atzean Rosa Oteiza dago, eta artista Jose Maria Martinez Ubago da; lehena klase sozial baxukoa zen, bigarrena, aldiz, goi mailakoa. Elkarrekin 3 seme izan zituzten ezkontzatik at, eta horrek zeresan handia eragin zuen Iruñean. Bien arteko harremana amaitu zenean, Oteiza bere semeengandik banandu zuten, bakartasunera kondenatuta.
Istorioak istorio, Foruen Monumentuak 111 urte beteko ditu aurten. Nafarroaren bihotzaren erdian, Parlamentuaren eta Diputazioaren artean, zer izan ginen gogorarazten digu, eta etorkizuna marraztuko digu, beti ere, gure arbaso hilezkorren argiaren itzalean.