Eztabaidatuko al dugu?

Eztabaidan aritzea ez da elkarri mokoka aritzea, baizik eta errespetuz, argudioz eta hizkuntza-baliabidez jantzita eztabaidan aritzea, alde biak aberasteko iritzi eta eduki trukaketan. Halaxe jarduten dute eztabaida txapelketetan. Ez dira oso ezagunak gurean, euskaraz askozaz gutxiago, baina izan, badira. Iragan irailaren 22an jokatu zen, Eusko Legebiltzarrean, Unibertsitate Arteko Euskarazko V. Eztabaida Txapelketa. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Errektoreordetzak eta Eusko Legebiltzarrak antolatuta, EHUko, Mondragon Unibertsitateko, Deustuko Unibertsitateko, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta Nafarroako Unibertsitateko lau ikasleko talde bana aritu ziren lehian. Denak aldez aurretik ezarritako gai jakin baten inguruan: seme-alabei txertoak ez jartzeko hautua egiten duten gurasoen harira, gurasoek seme-alaben tratamendu medikoa erabakitzeko duten eskubidea mugatzeaz. Araudiari jarraiki, zozketa bidez erabaki zuten zein agertuko ziren alde eta zein kontra, eta, ondoren, parte hartzaile bakoitzaren hizketa txandak errespetatuz aritu ziren, hitza lagun eta arma bakar, nor baino nor. Amaieran, Deustuko Unibertsitatekoak nagusitu ziren (EHUkoek hiru aldiz irabazi dute, eta Mondragon Unibertsitatekoek behin). Nagusitu, Deustukoak; irabazi, denek. Argudioz argudio, elkarrengandik ikasi, eta hazteko gaitasun eta trebetasunak bere egin zituztelako, eztabaidatzearen balioak eta onurak agerian utzita. M. Egimendi, Eñaut Mitxelena, Maider del Olmo.

baratas

“Behin oztopoak igarota, jardun honek bizitza aldatzen dio ikasleari”

Ion Baratas (Eskoriatza, 1987) duela ia hamar urte hasi zen EHUko eztabaida taldean, Publizitatea ikasten ari zela. Taldeko koordinatzailea izan da denbora batez, eta zenbait eztabaida txapelketatan parte hartu izan du, baita irabazi ere. Orain taldearen ardura ikasle elkarte batek duenez, laguntzaile dabil, Zientzia Politikoak ikasten duen bitartean.

Urte batzuk zeramatzaten Espainiako estatuko eztabaida txapelketetan parte hartzen euskaraz ere egin zitezkeela bururatu zitzaienean: “Erakutsi nahi genuen euskarak ere balio duela goi mailako txapelketak egiteko”. Eztabaidak nola egin asmatzen hasi zirenean, Euskaltzaindiaren laguntza ere izan zuten. Hasierakoak Ingeniaritza Eskolako ikasgela batean egin ziren, “asteburu batean eta presaka”, EHU, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatearen artean. Azken biak, berriz, Gasteizko Legebiltzarrean egin dira: “Orduko errektoreordeak tiradera batean hautsa hartzen ari zen hitzarmena atera zuelako, zeinetan jasota zegoen EHUk eta Eusko Legebiltzarrak euskarazko jarduerak bultzatu behar zituztela”.
Legebiltzarrak, baina, oso agenda estua du: “Oso ondo portatzen dira gurekin; halere, ez da erraza egun bat lotzea”. Iaz, adibidez, ez zen egon eztabaidarik, EAEn hauteskundeak izan zirelako. Ez dakite hurrengoa noiz izango den: “Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak adostu dute eztabaida ligaren egoitza txandaka izatea. Hurrengo urtean, Nafarroan tokatuko litzateke, baina ez dakigu ezer”. Legebiltzarrak iraileko aukera baino ez die ematen, eta ez da data egokia: “Garai onena azaroa litzateke, horrela astia edukiko baikenuke ikasleei eztabaida bat zer den azaltzeko eta entseguak egiteko”.
Izan ere, oso ariketa zorrotza da, eta lan handia eskatzen die bai antolatzaileei bai partaideei. Eztabaida taldearen ardura da ikasleei prestakuntza ematea, gaiak proposatzea, arautegia aztertzea eta erabakitzea… Ikasleek, ostera, proposatzen zaien gaia aztertu behar dute, ikerketak egin, eszenaratzea landu, entseatu... “eta hitz egitera irteten zarenean, mundua gainera erortzen zaizu”. Eztabaida hauetan, hainbat trebezia lantzen dira: argudiaketa, oratoria, erantzuteko erraztasuna… Baiezkoa edo ezezkoa eskatzen duen galdera bat planteatzen da, eta talde biek aldeko zein kontrako argudioak prestatu behar dituzte, eztabaida hasi baino bost minutu lehenago jakiten dutelako, zozketa bidez, zer jarrera defendatu beharko duten.
Epaimahaiak hainbat kontu balioesten ditu: aurretik egindako lana, taldekideen arteko komunikazioa, denboraren erabilera, beste taldeari galderak egiteko gaitasuna, galdera horiei nola erantzuten zaien, oratoria, jarrera, tonuaren egokitasuna, errespetu faltarik egon den... “Legebiltzarrean lehenengo aldiz egin genuenean, parlamentariak harrituta geratu ziren. Bakartxo Tejeria, adibidez, lehiakideak atrilean asko mugitzen zirelako. Apunteak hartu zituzten”.
Hezkuntzan, jendaurrean hitz egiteko gaitasuna curriculumean jasota dago, “baina gero ez da inon lantzen. Unibertsitatera heldu, eta konturatzen zara irakasleek ere ez dakitela zelan hitz egin ikasleen aurrean. Gauza bera gertatzen zaie ikasleei, eta, gradu amaierako lanak defendatu behar direnean, arazo handiak ikusten dira. AEBetan, adibidez, institutuan hasten dira eztabaidak lantzen, beraz, unibertsitatera heltzen direnean, oso maila handia izaten dute”.
Eztabaida txapelketara ikasleak ez dira berez heltzen, “baizik eta irakasle batek bere eskolan zer den azaldu eta ikasleak aurkezpenera gonbidatu ondoren”. Halere, nekeza izaten da ikasleak animatzea, eta, lehiaketa bukatutakoan, “denetarik” ikusten da iritzietan: “Jendeak bi eragozpen aipatzen ditu nagusiki: batetik, lan handiegia eskatzen duela; bestetik, batzuek bere burua ez dute gai ikusten ados ez dauden gai bat defendatzeko. Ez da edozeinentzako moduko ariketa, baina behin oztopoak igarota, jardun honek bizitza aldatzen dio ikasleari: jendea ezagutzen duzu, asko ikasten duzu, pentsaera aldatzen zaizu eta, azkenean, dena baloratzen duzu alde eta aurka. Tentsio uneak ere sortzen dira, partaideek denbora asko eman dutelako prestaketan, baina eztabaida galtzeak eragiten duen frustrazioa kudeatzen ere jakin behar da”.

otegi

“Eztabaidak txikitatik landu beharko lirateke”

Ikus-entzunezko Komunikazioa graduko azken urtea du Iñigo Otaegik (Villabona, 1996) Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean (HUHEZI). Iragan irailean, Unibertsitate arteko V. Eztabaida Txapelketan parte hartu zuen, Imanol Eppherre, Patxi Irigoien eta Saioa Murua ikaskideekin batera. Finalerdietan kanporatu bazituzten ere, pozik itzuli zen, bai taldeak egindako lanagatik, bai berari eman ziotelako hizlari onenaren sariagatik.

Txapelketetan ofizialki “sekula aritu gabea” zen Otaegi. “Unibertsitatean, bigarren mailan edo, zerbait egin genuen ikasgelan, ikasgai bateko azken proiektu moduan”. Bestelako esperientziarik ez. Aurtengo irailean, ikasturte hasieran, irakasle batek Eusko Legebiltzarrean jokatuko zen txapelketa aipatu zien. “Esan zigun oso esperientzia polita izango zela, eta ea animatuko ginen. Hasieran, inork ez zuen erantzun. Baina gero, espreski etorri zitzaigun ikasgelako eztabaida hartan parte hartu genuenongana. Zurikeriarik gabe esan zigun komunikaziorako sena bagenuela, gustatuko litzaiokeela gu bertan ikustea, eta eskertuko geniola. Eta halaxe izan da”.
Otaegik ez du uste “dohain berezirik behar denik eztabaida batean parte hartzeko. Gaiari ikuspuntu desberdinetatik heldu, aldeko eta kontrako argudioak atera eta nolabait zure diskurtsoa moldatuz gero, hobexeago edo okerxeago egingo duzu. Irabazteko... hori beste kontu bat da”. Nolanahi ere, lehiakideak ez dira hutsetik abiatzen. Taldeek prestakuntza saio bat egiten dute txapelketaren aurretik. Besteak beste, eztabaidatu beharreko gaia, arauak, jarraibideak... jakinarazten dizkiete. Gainontzeko taldeek txapelketa jokatu baino astebete lehenago izan zuten saio hori, “baina guk beranduago jaso genuen, eta konturatu ginen gaia ez genuela gainerako taldeek bezain landuta. Hori ikusita, pentsatu genuen komunikazio aldetik zukua atera behar geniola euskararen erabilerari. Nire ustez, horretan, hobeto aritu ginen”. 
Txapelketan, eztabaida bakarra egin zuten, finalerdietan, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko taldearen aurka. HUHEZIkoei gai nagusiaren kontrako jarrera defendatzea egokitu zitzaien. “Ataka estuan jarri genituela uste dut, eta haiek ere onartu ziguten estu sentitu zirela”. Haatik, ez ziren finalera igaro. “Nik uste arau hausteengatik ez genuela lortu”. Eztabaida txapelketan, hainbat arau hauste daude, zein bere larritasun mailarekin. Esaterako, hitz egiteko denbora ongi ez neurtzea zigortu egiten dute. HUHEZIkoek halako akats batzuk egin zituzten.
Galdu arren, gustura geratu ziren egindako lanarekin. “Komunikatiboki, euskara ongi baliatu genuela ikusi zen. EHUko teknikariak, Euskaltzaindiko jendea... zeuden han, eta, guregana espreski etorrita, sekulako laudorioak bota zizkiguten”.
Pozik egoteko beste arrazoi bat izan zuen Otaegik: hizlari onenaren saria eman zioten. Otaegiren iritziz, hiru izan ziren bera saritzeko arrazoiak: “Lehena, gai aldetik zertxobait berritzaileagoa izatea. Aurretik bi eztabaida entzunak geunden, eta bigarrena errepikakorra egin zen, kontrako zein aldeko argudioetan bide beretik jo zutelako denek. Nire diskurtsoa ere besteek aldez aurretik erabilitako argudioekin josita neukan, baina erabaki nuen beste batzuk baliatzea. Beharbada, ez ziren hain indartsuak izango, baina ikus-entzuleek eskertuko zutela pentsatu nuen. Nik uste hori izan zela gakoetako bat”. Era berean, “inprobisatzeko tartea utzi nuen, arerioarekin eztabaida sortzen saiatu nintzen, entzuten niola erakutsita. Askok beren diskurtsoa ongi prestatuta eramaten dute; hura bota, eta kito. Ni saiatu nintzen halakorik ez egiten”. Azkenik, hizkuntzaren erabilera nabarmendu du: “Hitz egokiak erabiltzea, diskurtsoa ongi josi eta patxadaz hitz egitea, ikus-entzuleari arnasaldiak ematea...”.
Txapelketako esperientziari aberasgarria deritzo Otaegik, “dudarik gabe”. Antolatzaileen hitzetan, hainbat gaitasun lantzen laguntzeko bitartekoa da jarduera, hala nola, “espiritu kritikoa, jendaurrean hitz egiteko gaitasuna, argumentatzeko gaitasuna, talde lana eta beste hainbat trebetasun”. Ados da Otaegi. Gainera, “ez da ahaztu behar debate baten helburua adostasunera iristea dela. Erreferentziatzat telebistako zirku horiek hartzen baditugu, ez dira batere onak. Gu gai izan ginen nork bere jarrera defendatzeko, askatasunez, txandak eta denborak errespetatuta, inori irainik egin gabe... hori ez dugu ikusten gizartean”. Alde horretatik, jendaurrean hitz egiteko eta eztabaidatzeko gaitasuna ez dela “behar beste lantzen” uste du. “Txikitatik planteatu beharko litzateke. Eskoletan bertan landu, informalki bada ere”. Gaiak lantzen jakiteko, egunerokoan sortzen diren eztabaidetan “jantziagoak sentitzeko edota, behintzat, norberaren iritzia, eta landua, izateko”.

eztabai

“Eztabaidarako, edozein gai iruditzen zait gustagarria”

Ione Zinkunegi (Orio, 1998) Zuzenbidea ikasten ari da, Deustuko unibertsitatean. Hainbat lagunez osatutako bere taldeak irabazi zuen euskarazko eztabaida txapelketa, duela aste batzuk. Esperientziarekin pozik agertu da: “Aberasgarria izan da, eta asko ikasi dut”.

Bigarren ikasturtea du unibertsitatean Ione Zinkunegik, eta aurreneko aldia lehiakide eztabaida txapelketan. Iaz, beste modu batera hartu zuen parte norgehiagokan: prestaketan eta antolaketan. Han bizi izandakoa gustatu egin zitzaionez, prestakuntza saioan izena ematea erabaki zuen. Pentsatu eta egin. Saio horrek ahalbidetu dio  unibertsitate arteko hiztun onenak erabakitzeko lehiaketarako txartela eskuratzea.
Txapelketan egindako lanarekin gustura dago: “Eztabaidari egin nion ekarpenaz harro egoteko moduan nagoela uste dut. Ez diot harrokeriaz, baina, nire iritziz, ondo aritu nintzen”. Taldekide izan zituenei buruz ere hitz onak ditu. Erantsi duenez, “haiek bigarren urtea zuten lehiaketan, nik ez bezala”. Finalaren aurreko egunetan, Skype bidezko entrenamenduak egin zituzten, ahalik eta ahozko jardun onena lortzeko asmoarekin.
Urduritasuna menpean izatea da gakoetako bat hizlari ona izateko eztabaida batean, bere ustez. Badaude, halere, kontuan hartu beharreko aldagai gehiago; esate baterako,  buruan ideien “biltegi” handia behar dela deritzo: “Google asko erabiltzen dut, baina edozein lekutatik eta edozein unetan atera daitezke ideiak. Dezente irakurri behar da. Ahalegina eskatzen duen arren, zeuretzat da ikasitakoa”.
Hala, ikasketa prozesuarekin alderatu du eztabaida: “Eztabaida batean, ikasi egiten da maila pertsonalean, entzunez asko ikasten baita. Unibertsitatera iritsi arte, nik ez dut aukerarik izan halako zerbaitetan parte hartzeko, eta funtsezkoa iruditzen zait txikitatik hitz egiteko trebetasuna lantzea”.
Gustuko gairik ba ote duen galdetuta, hausnartzen hasi da: “Eztabaidarako, edozein gai iruditzen zait gustagarria. Azken batean, argudioak lantzen badituzu, eta horretan sakondu, gustatu egingo zaizu gaia”. Entzulea harritzea gogoko du, neurri batean, hartzaileari espero ez duena ematea. Modu horretara, bere ahozko diskurtsoa biribiltzen saiatzen da; esate baterako, liburu jakin bateko aipu bat nabarmenduz.
Euskararekiko konpromiso sendoa sentitzen du Zinkunegik: “Unibertsitatean, nire ikaskide batzuek ez diote behar besteko garrantzia ematen euskarazko eztabaida txapelketari. Uste dute gaztelaniazkoak balio handiagoa duela, eta irizten diote euskara, hizkuntza gisa, mugatuta dagoela.  Pena ematen dit entzuteak euskaraz ezin dela horrelako zerbait egin, ez baita egia”.
Adierazpenak adierazpen, ez du zalantzarik memento onak txarrei gailentzen zaizkiela. Konplizitate handia lortu dute unibertsitateko lehiakideek: “Guztiekin ondo moldatu gara. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleekin oso giro onean jokatu genuen finala. Lehiaketa bukatutakoan, afaltzera joan ginen elkarrekin, eta datorren urterako erronka bota diogu elkarri. Ni, behintzat, irrikan nago datorren urtean berriro parte hartzeko”.