Herriko dendetan erosten al duzu?

ikamika

Irailaren amaieran, kanpaina deigarria abiarazi zuten Sakanako 57 dendak: “Negozioaren itxiera” iragartzen zuten kartelak ipini zituzten erakusleihoetan. Ez dituzte itxiko, jakina. Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen Elkartearen ekimena da, jendearengan kontsumo ohituren inguruko gogoeta piztu, eta herrietako dendetan kontsumitzera bultzatzeko. Izan ere, kanpainaren sustatzaileek nabarmendu dutenez, denda txikien eragina onuragarria da herrietan. Besteak beste, bizitza ematen diete herriei, lanpostuak sortzen dituzte bertan, eskualdeko ekonomian eragiten dute, eta saltoki eta marka handien monopolioa apurtzen dute. Horregatik eragin nahi dute ibarreko herritarren kontsumo ohituretan. Zer-nolako kontsumo ohiturak dituzu? Denda txikiak beharrezkoak al dira herriek bizirik irauteko? Altsasuko Itsasi euskaltegiko B2 mailako goizeko taldea.

1. Mari

Argi dago denda txikiak garrantzitsuenak direla herriak bizirik jarrai dezan, eta tratua gertukoagoa izatea gustatzen zait. Hala ere, onartu behar dugu garestiagoak direla eta eskaintza mugatuago daukagula. Ni saiatzen naiz denda hauetara jotzen, batez ere opariak erosteko, baina ez naiz kontsumitzaile handia!

2. Marietta
Berton erosten dut, eta beharrezkoa iruditzen zait herriak bizirik jarraitzeko. Erosoa da, eta gertuko tratua ezin hobea.

3. Laura
Egia da bizia ematen diotela herriari, horregatik saiatzen naiz herriko dendetan kontsumitzen. Kanpaina hau oso deigarria izan da, eta espero dut jendeak kontzientzia hartzea. Halere, ez da erraza izango denda handiei aurre egitea.

4. Aingeru
Gure inguruko herrietan gero eta denda gehiago ixten dira. Norberekeriarengatik bakarrik izan arren, herriko dendak sustatu behar ditugu. Denda bat ixten bada, herria pobreago gelditzen da, eta arazo horrek guztioi ekarriko dizkigu ondorioak.

5. Joakina
Herriko dendetan erosten dut. Denboraldi batetik hona, dena. Herriko merkatariek kanpaina hasi zutenean, kontuan hartu nuen oso beharrezkoa dela berton erostea, inguruneak bizirik jarraituko badu. Gertuko erosketak egitea oso garrantzitsua da denerako. Ekonomia arloan, ekologian eta jendearen harremanetan, asko laguntzen du.

6. Begoña
Nire ustez, gaur egun, denda txiki bat izatea oso zaila da. Denok dakigun bezala, batzuk larri dabiltza. Horregatik, ni herriko dendetan kontsumitzen saiatzen naiz.

7. Paula
Janaria, normalean, herrian edo inguruan erosten dut. Zenbait jantzi eta oinetako ere herrian erosten ditut. Hala ere, egia da erosketa handiak hirian egiten ditudala. Denda txikiak bizia ematen diote herriari, nahiz eta zaila izan denda txikientzat kate handiekin lehiatzea.