Euskara ikasteko 10 trikimailu

dekalogoa

Euskal hiztun berriak: esperientziak, jarrerak eta identitateak. Deustuko Unibertsitatearen ikerketa baten izenburua da. Lanaren helburu nagusia izan da Euskal Autonomia Erkidegoko euskal hiztun berrien argazki orokorra egitea. Guztira 63 hiztun berrik (18 eta 56 urte bitartekoak) hartu dute parte Ane Ortegak, Estibaliz Amorrortuk, Jone Goirigolzarrik eta Jacqueline Urlak osatutako lanean. M. Egimendi.

1. Euskara ikasteak poztasuna eta harrotasuna dakartza. Euskara ikasteak sari ugari eta askotarikoak eskaini dizkie euskaldundu direnei.
2. Euskara ikasten hasteko, edo berrikasteko, arrazoi eta motibazio ugari egon daitezke, eta den-denak dira baliozkoak.
3. Euskaldun aktiboa bilakatzea ez da prozesu automatikoa; bidean agertuko diren erronkei eta ardurei aurre egitea funtsezkoa da.
4. Garrantzitsua da ez izatea autokritikoegia norberaren gaitasunari dagokionez. Gainera, gogoan izan: hizkuntzak komunikatzeko dira. Komunikazioa baldin badago, helburua lortuta.
5. Euskaraz komunikatzean, eta oraindik ikasten ari garela, baliagarria izan daiteke elkarrizketetan erdarazko hitzak edo esaerak ere baliatzea.
6. Batua eta euskalkiak, denak dira euskara. Euskara batua oso euskara jatorra da, eta, era berean, erraza da tokian tokiko euskalkien ezaugarri batzuk bereganatzea, hiztunak gustura egoteko erabiliko duten hizkuntzarekin.
7. Testuinguru erdaldunenetan ere posible da euskara erabiltzea, zenbait estrategia garatuz gero.
8. Posible da ingurukoekin hizkuntza ohiturak aldatzea, alegia, beti erdaraz egin beharrean, euskaraz (ere) egiten hastea, horretara igarotzea.
9. Euskara errepertorio linguistiko aktiboan sartzeko, lagun edo jarduera berriak egiteko uneak baliatu behar dira.
10. Jarrera proaktiboa izanda, askoz euskara gehiago erabil daiteke. Era berean, kontzientzia hartzea oso-oso garrantzitsua izan da urratsa eman dutenentzat.

Euskara ikasteak ez dakar berez euskara erabiltzea. Horregatik, ikerketa honek jaso du zerk eragin duen hiztun berri batzuk hiztun aktibo bihurtzea, jauzi hori egitea. Behin ondorioak aterata, Goirigolzarrik 10 “trikimailu” biltzen dituen dekalogoa proposatu zuen AEKren matrikulazio kanpainaren aurkezpenean, euskara ikasleei euskaldun bilakatzen laguntzeko.


1. Euskararik ez dakiten asko ez dira kontziente euskararen inguruan mundu bat dagoela, baina ikasten hasi eta mundu hori ezagutzen hastean, kontzientzia hartzen dute. Gauza polita da mundu batean bizi eta konturatzea mundu berean, herri berean, bestelako errealitate bat dagoela, eremu aberats bat: kultura, hainbat ekintza eta talde...


2. Bereizketa argia dago adinaren arabera: gazteek ez dute inoiz ikastearen inguruko erabakirik hartu, D ereduan ikasi dute, gurasoek hala erabaki zutelako; hala, euskara eman egin zaie, eta sarritan ez dakite zergatik bidali zituzten D eredura. Helduagoen kasuan, ostera, haiek hartutako erabakia izan da. Arrazoien artean, badaude ezberdintasunak, noiz euskaldundu diren. Frankismoaren ostean euskaldundutako asko erregimenaren kontra egiteko sartu ziren euskal giroan, euskara sinbolo bat zelako, hau da, identitate arrazoiengatik. Halere, denbora aurrera joan ahala, arrazoiak aniztu egin dira, eta arrazoi instrumentalagoak tartean sartu dira. Euskarak balio instrumentala irabazten duen heinean, euskara bestela helduko ez zen sektore gehiagora hurbiltzen ari da. Umeak, esaterako, oso motibazio garrantzitsua dira heldu bat hiztun aktibo bihurtzeko, dela eskolako lanak egiten lagundu nahi delako, dela umea euskalduna izatea bilatzen delako.


3. Erronka handiena gaitasunarekiko konplexua da. Nire ikasle batek, adibidez, perfektu egiten du euskaraz, baina Ondarroan ez omen da ausartzen, iruditzen zaiolako ondarroarren euskara oso polita dela eta oso ondo egiten dutela. Gure ikasleek hiztun zaharrak euskalduntzat hartzen dituzte, baina berriak ez. Lasai asko esaten dute norbaiti buruz ez dela euskalduna (esaldi indartsua, gero!) haren euskara ez bada etxetik jasoa, nahiz eta unibertsitatean euskaraz ikasten jardun. Konparazio kontua da. Hiztun berri batek erdaraz ez dauka arazorik, esan nahi duen guztia nahi duenean ateratzen zaio, baina euskaraz igartzen du agian berba batzuk ez zaizkiola irteten. Kanpora begirako diskurtsoa koherentea izan arren, hiztunak diskurtso hori lortzeko egin duen ahalegina eta aurkitu dituen mugak ikusten ditu. Halere, kanpotik ikusi duenak zailtasunik igarri ez badu, eta igarri arren, komunikazioa lortu egin dela azpimarratu behar dio.


4. Ikas prozesua ez da inoiz amaitzen, baina euskara etxetik jaso dutenek ere ez dute euskara perfektua egiten. Denok ari gara ikasten, beti, hitz berriak edo dena delakoa. Garrantzitsua da hori, edonork daukalako zer ikasia hizkuntza batean, baina ikasten ari garen bitartean ere lor dezakegu komunikazioa, beraz, ez itxaron akatsik gabe egin arte. 


5. Hiztun berriak, erdarakadak sartzen badituzte, oso kritikoak dira beren buruarekin, baina etxetik jaso dutenek ez dute horretarako inolako konplexurik. Zer ezberdin interpretatzen duten batzuek eta besteek hizkuntzak tartekatzea! Euskara erabili ohi duen pertsona batek errazago komunikatzeko erabiltzen du nahasketa, bururaturiko lehen ideia etorri zaion hizkuntzan botata. Hiztun berriak, ordea, erdarakada bota duela pentsatzen du, euskarazko berba ez zaiolako burura etorri. Konplexu hutsa da: euskaraz jarduten dutenek erdara tartekatzen badute, zergatik ez euskalduntze prozesuan dagoenak? Berba bat edo beste erdaraz esan arren, euskaraz ari da.


6. Ikasleek sentitzen dute herriko kutsu hori falta zaiela; bati entzun nion behin bere euskara “liburukoa” dela. Alabaina, etxetik euskaldundutako hiztunen artean ere badira konplexuak. Herri euskaldun batzuetako hiztunek ederragotzat dute beste zenbait lekutako euskara. Are gehiago, askok uste dute euskara batua hobea dela, jasoagoa delakoan. Hiztun mota guztiok ditugu konplexuak, baina horiekin ez goaz inora. Ikerketan parte hartu duten ikasleek azpimarratu dute euskaldun zaharrek asko lagundu dietela, baina egia da, halaber, euskaldun zahar batzuek erdaraz egiten dietela. Hor badago lanketa garrantzitsua, euskaldun zaharrak eman behar baitio aukera hiztun berriari, ikas dezan; horretarako, komunikazioa errazteko bere hizkera moldatu behar badu, bada, molda dezala!


7. Estrategia bat izan daiteke euskal komunikabideak kontsumitzea. Egunero irakurtzen baduzu euskaraz, edo Twitter euskaraz jarraitzen baduzu, euskara presente egongo da zure egunerokoan, eta horrek dena aldatzen du. Edo antzerkira joan zaitezke, euskaraz eskaintzen denean. Pixkanaka, konfiantza hartu ahala, joan euskaraz eska daitekeen tabernetara, edo udaletxera... Nahiz eta interakzio horiek oso txikiak izan, egun batean 20 pertsonarekin egon bazara eta hirurekin euskaraz hitz egin baduzu, euskara poliki-poliki zure eguneroko hizkuntza bihurtuko da. Horixe da gakoa, ez dena euskaraz egitea, seguruenik ezinezkoa izango baita.

 
8. Mintzakide batekin euskaraz egin nahi izan, eta besteak egiten ez badu, jolastu berarekin eta proposatu oso zailak ez diren interakzioak. Adibidez, “hemendik aurrera euskaraz hitz egingo dugu” esan beharrean, proposatu “gaur” euskaraz egitea. Errakuntza da une jakin batetik aurrera beti euskaraz egingo duzula erabakitzea; kontzientzia badugu, baina, errazagoa izango da. 


9. Berbalagun, mintzalagun... da tipikoena, baina ia leku guztietan daude euskaraz bizi nahi duten komunitate aktiboak, ehuneko ehunean izan ez arren, eta posible da gune horietara hurbiltzea: mendi taldeak, kantuan kalez kale jarduten dutenak... Horiek aprobetxa daitezke sareak ugaritzeko. Batzuetan, hiztun berriek pentsatzen dute inguruan ez dutela euskaldunik, baina askotan beste hiztun berri batzuk egon ohi dira, antzeko egoeran, euskaldun moduan identifikatu ez direnak. Gazteen artean asko gertatzen da hori. “Nire inguruan ez dago euskaldunik” diote askok, baina ez da hala. Gehienetan, inguruko gazte guztiak dira euskaldunak, baina ez daude euskaldun gisa “fitxatuta”. Sarritan, zaila izaten da ohiturak aldatzea, baina posible da sareak zabaltzea, eta, astean behin edo bi asterik behin ekintzaren bat euskaraz burutuz gero, euskara egunerokoan sartzen da pixkanaka,  eta harreman berriak egiten dira.


10. Ikerketan oso argi agertu da kontzientziak daukan garrantzia: kontzientziak konpromisoa dakar. Erabakia hartzen baduzu, egingo duzu. Jarrera proaktiboa da, adibidez, igogailuan gazte batekin topo eginez gero, zenbatgarrenera doan euskaraz galdetzea.