Jalgi hadi idazkerara

navarrorum

Urteurren berezia du euskarak Nafarroan. Izan ere, orain dela 850 urte, Antso VI.a Ramirez Jakitunak Lingua navarrorum deitu zion euskarari, 1167ko Aralarko pergaminoan. Hala, euskal hizkuntza nafarren mintzaira zela adierazi zuen. Urteurrenak bat egiten du Nafarroako Artxibo Nagusiak antolatu duen Navarrorum erakusketarekin, non bisitariak egiaztatu ahal izango duen historian euskara izan dela nafarren mintzaira nagusia. Arkaitz Almortza. Argazkiak: Iban Aginaga.

“Herria da gorputza, hizkuntza bihotza” abesten zuen Mikel Laboak Herria eta hizkuntza kantuan. Sekulabelardiko kantaria abestiaren hitzek bat egiten dute Artxibo Nagusiak zabaldu berri duen erakusketarekin. Izan ere, ikusgai ipini dituzten 36 dokumentuek argi bezain garbi frogatzen dute euskara dela Nafarroaren bihotza; bai, behintzat, duela 2.000 urtetik. Hala, abendura bitartean, bisitariek historian atzera egiteko aukera izanen dute, euskal hizkuntzak agirietan utzitako aztarna idatziak ezagutzeko, baita dokumentu horiek biltzen dituzten testuinguruak ere. 
Euskara oihan berde eta zabala izan zen Nafarroan. XVI. mendean, esaterako, herritarren % 80k hitz egiten zuen. Herritarren hizkuntza zen euskara; alabaina, inprenta sortu arte, ez zen apenas idatzi. Peio Monteano historiagilea da erakusketaren komisarioa, eta zera dio: “Administrazioan, latina eta erromanikoa erabiltzen ziren; kalean, berriz, euskara. Garaiko herritarrek (% 99 nekazariak ziren) ez zuten idazten, haientzako garrantzitsuagoa baitzen naturarekin, landarekin edo animaliekin loturiko ezagutza. Funtzionala izan behar zuen, inork ez baitzion eutsiko funtzionala ez zen hizkuntza bati”.
Antzinako Erresumako errege-erreginen jauregiak biltzen dituen erakusketak sei atal nagusitan islatu du euskal hizkuntzaren bilakaera idatzia, erromatarren garaitik XIX. mendera arte, hain zuzen ere. “Gure ondarea zabaltzearekin batera, erakutsi nahi dugu euskara ez dela kanpotik ekarritako hizkuntza arrotza, baizik eta bertokoa, Nafarroako identitatearen ardatza, alegia”.
Erakusketak ez du euskararen historiaren berri ematen, garai bakoitzean gertaturiko prozesu sozialak ematen ditu aditzera. Agiri guztiek Nafarroa dute ardatz, herrialdeaz mintzo direlako, bertan idatzi direlako edo egilea nafarra delako. Halaber, azken aurkikuntzak ikusgai jartzeko erabili dute ekimena: Arreko koplak (1612),  Murillo el Frutoko petxak liburua (1400) edo Zalbako Matxinen eskutitza (1416), besteak beste.  
Navarrorum osatzeko, Nafarroako hainbat dokumentazio gunetara jo dute, baita Bilboko, Chicagoko (AEB), Madrilgo (Espainia), Oxfordeko (Erresuma Batua), Parisko (Frantzia), Santiago de Compostelako (Galizia) eta Timbuktuko (Mali) artxiboetara ere.
Hizkuntzaren aztarnen atzetik
Bi mila urteko bidaia interesgarria egiteko aukera du bisitariak. Abiapuntua erromatarren garaia du, bertan baitaude Lergako hilarria eta Uxueko aldare harria. Lehenengoan, “Umme sahar” irakur daiteke, eta bigarrengoan, “Lacubegi”, jainkoei emandako izena. “Aurkitu ditugun aztarna zaharrenak dira. Nafarroako erdialdean euskaraz egiten zela bermatzen dute” azaldu du.
Historian aurrera eginda, hizkuntzari jarritako lehenengo izenak ezagutzeko parada dago. Horietako bat Timbuktuko liburutegitik ekarri dute. 950. urtekoa da (faksimilea, 1938koa), eta kronikari arabiar batek idatzi zuen. “Agirian, Bambalunaz mintzo dira, halaxe deitzen zioten Iruñeri, eta Erresuma osoan atentzio gehien eman zion kultur adierazpena herritarren hizkuntza da; al-basquilla deitu zioten, orduan jaso zuen hizkuntzak izena lehenengo aldiz”.
Poliki-poliki, tenore hartatik aitzinera, euskara izendatzeko adierazpen idatziak agertzen hasi ziren. Ezagunena 1167an Antso VI.a Jakituna erregeak Aralarko pergaminoan idatzi zuen izena da: Lingua Navarrorum. “Oso interesgarria da, nafarra eta euskal hiztuna identifikatzen baititu; ez dakigu, ordea, zein testuingurutan idatzi zen”.
Hitzetatik pergaminoetara salto egiten hasi zen nafarren hizkuntza. Garai hartakoa da, esaterako, berriki aurkitu duten Murillo El Frutoko petxak liburua, 1400. urtekoa. Euskara uste baino hegoalderago hitz egiten zela frogatzen du liburuak; izan ere,  “Uharteko odia, uharteko bidea, Baratzealzinea, txorrota” hitzak irakur daitezke.
1416an, Zalbako Matxinek, bere eskutitza idatzi zuenean, beste atal garrantzitsu bat ere idatzi zuen euskara idatziaren historian. Nafarroako Karlos III.aren gorteko bi funtzionarioren arteko gutun trukea da. Idazkia Nafarroako erromanikoaz hasten da, eta amaitu, berriz, goi nafarreraz. “XVI. mendean, zenbaiten esanetan, euskara ezin zen idatzi, horregatik Zalbako Matxinen eskutitzak argi uzten du idazten zekitenek (eliteak) ez zutela inolako zailtasunik euskaraz idazteko”.
Horixe bera aldarrikatu zuen Bernart Etxeparek, hain zuzen, Linguae Vasconum Primitiae liburuan: “Bertze jendek uste zuten ezin iskriba zaiteien”. Inprenta sortu zenean, euskara liburuetan idazten hasi ziren, Etxeparek bere lanarekin egin zuen bezala, 1545ean. Liburua ere ikusgai dago erakusketan, Nafarroa Beherean idatzi baitzen.
Sasoi berekoa da Zufiako (Estellerria) ezkon-hitza, 1552koa, zehazki. Bikote gazte batek euskaraz eman zion ezkon-hitza elkarri.
Hamaika bitxikeria gehiagok osatzen dute erakusketa; esaterako, Frantzisko Xabierkoak 1544an idatzi zuen gutuna, zeinetan euskarari Bizkaiko hizkuntza esaten dion: “Oso bitxia da. Ez zuen eskutitz bat bera ere euskaraz idatzi, baina honetan dio bere hizkuntza zela”. 
Herritarren hizkuntza izan arren, emeki-emeki7 basamortutzea hasi zen, hegoaldetik iparraldera. “Ene ustez, hizkuntzaren atzerakadaren arrazoietako bat izan zen ez zela egin kultur hizkuntza bat. XVII. mendean, esaterako, euskara kultur eta merkataritza eskakizunen albo batean geratu zen, eskolan gaztelaniaz ikasten baitzuten; hots, idazten eta irakurtzen ikasi nahi bazuten, beste hizkuntza bat ikasi behar zuten”. Euskara etxeetan eta elizetan babesten hasi zen, eta karrikak mututzen hasi ziren. Garai hartakoa da, besteak beste, Juan de Beriain idazleak 1621ean idatzi zuen Tratatzen da nola enzun bear den meza.
Hizkuntzaren basamortutzearen aurrean, XIX. mendean sortzen hasi ziren mugimendu abertzaleak euskarara gerturatzen hasi ziren, eta, hala, hizkuntzak garaiko mugimendu politikoekin eta kulturalekin bat egin zuen. Garai hartakoa da 1884an Julian Gaiarrek izebari idatzi zion eskutitza, Bartzelonatik. Dokumentuen eskutik egiten den bidaia Luis Lucien Bonapartek 1863an argitaratu zuen euskalkien maparekin amaitzen da.
Abendutik aitzinera, erakusketa Nafarroako hainbat txokotara emango da (eta Euskal Herriko gainerako lurraldeetara ere bai), hasierako helburuari jarraiki: euskara Nafarroaren bihotza dela aldarrikatzea, eta mendeetan horrela izaten jarraituko duela.