Emakumeak eta futbola: Gizonkeriaren gotorlekua hartzeko lehen lerroan

futbola

Athleticeko lehen taldeko atezaina izateaz gain, Estatuko selekzioko izarretako bat ere bada. Oso ezaguna denez, kalean denek eskatzen dizkiote autografoak; eta, berarentzat, salbuespen arraroa da egunen batean entrenamendurik ez izatea. Halere, sinetsi ala ez, futbolean irabazten duenarekin ez da hil bukaerara ailegatzen, beraz, goizak arropa denda batean lanean eman behar ditu. Bere bekatua? Bizi maila garestiegia izatea, akaso? Ez, soilik emakumea izatea gizonezkoentzat egindako mundu batean. Iban Lantxo.

Kasu hau, egiatan, Ainhoa Tirapu jokalariarena da. Rayco Sanchezek (Bilbo, 1985), Opio errebeldea liburuaren idazleak, auzo-lotsa sentitzen du haren egoera ikusita: “Halako gauzek amorrua eragiten didate; ez arropa denda batean lan egiteagatik, baizik eta emakumeen eta gizonen arteko aldea horren nabaria dela agerian uzten dutelako”. Sanchezen liburuak futbola iraultzarako eta gizartea aldatzeko tresna izan daitekeela defendatzen du, eta “egun, oso gauza gutxi dago feminismoa bezain iraultzailea; sexuen arteko egiazko berdintasuna baita jendarte matxista gehien kolpa dezakeen harria”.
Izan ere, futbolaren mundua osatzen duten esparruak (kirola bera, administrazioa, giroa, komunikazioa, etab.) gizonkeriaren ikur eta gotorlekutzat hartu dituzte askok. Horrekin zeharo bat dator Cristina Pascual (Barakaldo, 1990) Sestao River taldearen Resaka Verdinegra peñako kidea: “Futbolak, tradizioz, maskulinitatea, indarra, kanon estetiko jakin bat eta lehiakortasuna aldarrikatu izan ditu. Gizona bazara, normala izateko kiroletan erregea gustatu behar zaizu; horixe abiapuntu, gizonkeria hori azpimarratzen duen guztiak balio du, irain matxistak, emakumeak gutxiestea eta objektu sexualak balira bezala tratatzea barne”.
Horregatik guztiagatik, askotan, futbolean aritu nahi duten neskek mutilek baino zailtasun dezente gehiagori aurre egin behar izaten diete. Hain zuzen, Patricia Beristain (Portugalete, 1988) Portugalete taldeko jokalari ohiak egin behar izan zuen moduan: “Futbola, nire bizitzako zati oso handia izateaz gain, borroka amaiezina izan da niretzat. Ikastolan, neskatoontzako talderik ez zegoenez, geuk sortu behar izan genuen; helduaroan ere, denetariko zailtasunak izan ditut: Portugaleteko emakume saila eratu beharra, entrenatzaile barik ibiltzea, eta ordutegi eta azpiegitura txarrenak izatea, besteak beste”. Beristainen esanetan, “egun, gazteagoek eskaintza handiagoa daukate, behintzat, baina, hori horrela bada, aurretik ibili garenok asko borrokatu izan garelako da”. Egoera horretaz baliatuta, apika, Nahikari Garcia (Urnieta, 1998) Realeko jokalari nabarmenetakoaren ibilbidea oso bestelakoa izan da. “Ni beti oso modu naturalean aritu izan naiz futbolean, bai txikitako jolasetan, baita taldeetan ere; eta benetan eskertzekoa da. Badakit emakumezkook errepresio handia jasan behar izaten dugula esparru askotan, baina jende askoren ahalegin eta sakrifizioari esker, oztopo asko pixkanaka desagertzen ari dira”.
Edonola ere, emakumeen kirolaren gaineko informazioa ere badoa astiro hedabideetan leku gehiago izaten. “Bigarren mailako albisteak direla uste dute askok” dio Nerea Rego (Algorta, 1995) Uribe Irratiko Eta emakumeak zer? saioko esatariak, “baina jendearen informazio eskaria ikusita, bigarren saioan ohartu ginen ordu erdi ez zela nahikoa, eta, hala, iraupena bikoizteko esan ziguten”. Irratsaioak emakumeen kirolaren inguruko albisteak jorratzen ditu, besterik ez. Haren kide Ane Rojo (Sestao, 1995) Onda Vasca-ko kazetariak argi dauka: “Saioaren arrakastak erakusten digu askotan, eragileak arriskatu egiten badira, ezusteko emaitza positiboak eduki ahal dituztela bueltan. Baina, horretarako, apustuak egin behar dituzte, eta, beti bezala, dirua da jokatzeko erabiltzen dena”.
Norabide onean eman beharreko pausoak
Ane Urkiri (Mutriku, 1993) Realari buruzko blog batean idazten hasi zen, eta, egun, kirol kazetari dabil Gara egunkarian. Rojok aipatutakoaren harira, Urkirik uste du hedabideetan askotan ez dagoela nesken kirolaren aldeko apustu argirik. “Ikusgaitasun soila ez da nahikoa. Ez badute egiatan inbertitzen, telebistek partidak emateagatik dagozkien irudi eskubideak ordainduta, esaterako, norabide honetan emango diren urratsak eskasak izango dira”.
Zentzu horretan, federazioek eta klubek ere badute zer esan. Euskal Herriko egoera apurtxo bat ezberdina bada ere (Garciak dio hemengo taldeak “oso erreferentzialak” direla, “denok klubaren parte garela sinesten dugulako”), Urkirik azpimarratzen duenez, “behin eta berriro aurrera goazela esanagatik, eta Iberdrolak dirua emanagatik, lehen mailako liga oraindik ez da profesionala”. Are gehiago, Iberdrola Ligan (Estatuko lehenengo mailan) aurten sartu da indarrean epaileak emakumeak izan beharreko eskakizuna, Europako beste liga batzuetan aspaldi onartuta izan arren. Erabakia, gainera, oso polemikoa izan da, eta askori kostatzen ari zaio onartzea. Rojok, ordea, ez du ulertzen “zergatik eman dugun hainbeste denbora guztiz logikoa den erabaki hau hartzen. Ez dakit harropuzkeriagatik izan den, edo, beharbada, negozioengatik, baina ziur ez dela futbol kontuengatik izan”.
Sanchezek diru kontua dela dio bere liburuan, Neskak ala inor ez! artikuluan. “Badirudi kirolaren eta berdintasunaren arteko kontuak Wall Streeten arabera neurtzen direla. Ekonomikoki bideragarria den heinean, emakumezkoen futbolean inbertituko da; noski, Iberdrolak bueltan dirua ikusiko ez balu, ez litzateke emakumezkoen ligaren babesle nagusia izango”. Askotan, enpresariek argudio klasiko bat baliatzen dute jokaera hauek babesteko, alegia, nesken futbolak ez duela mugitzen mutilenak beste diru; alabaina, eta Beristainen arabera, “akaso, produzitzen duguna ez da berbera izango, baina horretan saiatzeko aukera izan behar dugu, eta hastea ere ezinezkoa da, inork ez badu nahi gure alde arriskatu”.
Dena dela, Garciak dioen moduan, “berdintasuna erdiesteko, emakumeen eskubideak aldarrikatu nahi ditugu, besterik ez. Buruan sartu nahi digute feminismoa txarra dela, zoroa, eta gizonak baino hobeak garela uste dugula; ez da egia, inondik inora”. “Hitz batean: guk duintasuna eskatzen dugu” dio Urkirik, “ez dut uste inork parekatu nahi dituenik nesken lehenengo mailako baldintzak mutilenekin, ekonomiak ez bailuke jasango. Baina aukera bat badago, Danimarkako futbol selekzioek izandako jarrera ikusita: gizonezkoek beren soldata jaitsi dute, emakumeena handitu ahal izateko. Horra hor, nire ustez, feminismoa aldarrikatzeko eredu garbia”.
Funtsean, eta ikusitakoak ikusita, argi dago oraindik futbola gizonkeriaren gotorleku sendoenetako bat dela. Pascualen ustez, “gizarte patriarkalaren sinbolorik argienetakoa da, eta feminismoak lan handia izango du oraindik arlo honetan”. Halere, desoreka eta desberdintasun giro honetan eroso dagoena gero eta deserosoago sentituko da, berandu baino lehen.
Hori gertatuko da, ziur, mundu honetan ibiltzen, disfrutatzen, borrokatzen eta lanean aritzen diren emakumeei esker.