Ametsen pistan

zirkua

Pailazoa, trapezistak, magoa, ekilibristak, funanbulistak, akrobatak... zirkuko artistek bere egin zuten Tolosako zezen plaza iragan iraileko azken asteburuan. Izan ere, estreinakoz zabaldu zituen ateak Gure Zirkuak, zirkuko euskal artisten topaguneak. Eñaut Mitxelena. Argazkiak: Iñaki Lopetegi.

Inauterietako hitzorduetatik at bestelako erabilerarik ez duen zezen plaza zaharra zirku eremu bilakatu zen zenbait egunez. Zezen plazaren erdian, karpa gorri, berde eta horia: Gure Zirkua, Iker Galartza aktore, komediante eta pailazo tolosar ezagunaren ekimenez abiaturiko egitasmoa. Irailaren 28an egin zuten estreinako emanaldia helduentzat, eta hurrengo egunetan haurrentzako beste bost emanaldi eskaini zituzten.
Ikusmin handia piztu zuen estreinaldiak Tolosan. Harrera, ikusminaren parekoa: emanaldi guztiek arrakasta itzela izan zuten. Sarrerak agortuta, eta jende asko sartu ezinik. “Jende horrengana nola eta noiz ailegatzeko modua bilatu behar da orain” dio Galartzak. Dena dela, aurkezpen emanaldien ostean, karpa jaso egin dute; behin-behinean, hori bai. Izan ere, Gure Zirkuak aurrera jarraitzeko asmoa du, dela herriz herri emanaldiak eskaintzen, dela artisten entrenamenduak eta ikastaroak aterpetzen.
Gure Zirkua Galartzaren aspaldiko egitasmoa da, edo, hobe esanda, betiko ametsaren gauzatzea. Zirkua biziki maite du, eta grina horren erakusle da bere ibilbidea. “Lana telebistan eta antzerkian egiten dut, nagusiki. Gustuko dut, eta hortik bizi naiz. Baina nire zaletasuna, beste batzuek padelean jokatzen duten bezala, ileordea jantzi eta umeen aurrean pailazo aritzea da”. Hala, esaterako, 20 urte egin ditu Poxpolo pailazoa gorpuzten, Poxpolo eta Mokoloren konpainiarekin herriz herri ibilita.
"Nire ekimena izan da, baina atzetik lagun asko daude. Garai bateko Poxpolo eta Mokoloren konpainia, adibidez”. Poxpolo eta Mokoloren jardunaren bitartez bideratzen zuen, nagusiki, zirkuzaletasuna Galartzak. Halere, 2016an jarduna eten zuen taldeak. 2009an, Iñaki Odriozola, Mokolo, hil egin zen, eta “taldea erabat hankamotz geratu zen”. Poxpolo eta konpainia izenpean emanaldiak egiten jarraitu zuten, baina “arrastaka. Gero eta lan gehiago genuen, baina seme-alabak zirela, hain gazte ez ginela eta beste, justu antzean ibiltzen ginen”. Ondorioz, taldea bertan behera uztea erabaki zuten. Jarduna etenagatik, Galartzaren grina ez zen itzali. Zirkuak ezagutu, zirku eskolak bisitatu... poliki-poliki, ametsa gauzatzeko urratsak egiten hasi zen. Hala, duela bi urte, bigarren eskuko zirkuko karpa bat erosi zuen. Gure Zirkuaren zimenduak sendotzen ari ziren.
Neurriko karpa
“Ni pailazoa naiz. Beraz, beste batzuk Interneten moto edo auto zaharrei, edo brikolajerako tresnei begira egoten diren moduan, nik zirkuko karpei erreparatzen diet”. Halaxe topatu zuen gustuko karpa, Frantzia eta Luxenburgoren arteko herri batean salgai. “Guretzat egokia zela ikusi nuen. Gehienbat, tamainagatik. Materiala ez da oso astuna, eta kontuan hartuta Euskal Herrian malkar asko eta zelaigune gutxi dagoela, sekulako trastea ere ez genuen nahi”. 250 bat ikuslerentzako edukiera du, “Euskal Herriko herri txikietara joateko egokia”. Lagun batekin txandaka gidatuz egun erdia errepidean igaro ostean egin zuen erosketa. Erosi bai, baina “gero nondik nora joko nuen oso ondo jakin gabe”. Azkenean, Tolosako zezen plaza hutsik zegoela jakin zuenean, bertako Udalari aurkeztu zion egitasmoa, zirkua eta zirku eskola izango zena bertan jartzeko. “Nonbait, ez da hain erraza, honek ere badituelako bere araudiak”. Halere, denbora tarte labur batez altxatu ahal izan du. Horrelaxe jaio da Gure Zirkua, euskaldunen zirkua.
Sarreran esan bezala, diziplina klasikoak biltzen ditu Gure Zirkuak, eta “animaliarik ez. Guk ez daukagu zertan ezer demostratu, baina erakutsi nahi dugu animaliarik gabe ere  sor dakiokeela magia jendeari, ikuskizun duina egin daitekeela, eta barre eragin”.
Aurkezpen emanaldietan, orotara, hamar artistaren saioak eskaini zituzten: zazpi euskaldun eta hiru kanpotarrenak. Zirkuko euskal artisten topagunea izateko xedea du Gure Zirkuak, baina atzerriko artisten ekarpenei muzin egin gabe, “aberasgarria baita guretzat”. Finean, elkarrengandik ikasteko aukera eskaintzen die guztiei. Horregatik, “gustatuko litzaidake gure ikuskizun bakoitzean kanpotar pare bat edukitzea, gutxienez.  Zirkuz zirku ibili ohi dira, batzuk zirkuan jaiotakoak dira, eta esperientzia handia dute. Ondorioz, aholku onak ematen dizkigute: karpa nola bildu, nola gorde...”. Garrantzitsua, zirkuko artistak denetarik egiten baitu: “Eskuzabala izan behar da zirkuan. Hau da, artista bat ezin da soilik saioa egitera etorri. Beste gauza askotan ere eskua bota beharra dago”. Zirkua altxatu, txukundu, beharrezko konponketak egin... Halaxe ibili ziren Gure Zirkuko zenbait artista estreinaldiaren aurreko asteetan, prestatze lanetan buru-belarri, zela egurrezko harmailak egiten, zela margotzen, zela torlojuak ipintzen...
Emanaldiak eta ikastaroak
Orain, Gure Zirkua jasota dago. Nolanahi ere, ez da geldi egoteko jaio. Tarteka,  birak egin nahi ditu Galartzak Euskal Herriko herri txikietan. Hain justu, karparen tamainak aukera hori ahalbidetzen die. Finean, “zirku txikia egin dugu, behin ere egon ez den txokoetara eraman nahi dugulako, herri txikietara eraman”. Dagoeneko zenbait herrik interesa agertu omen diote, baina, oraingoz, ez dute deus zehaztu. Asmoa, baina, irmoa da: “Ez dakit apirilean izango den, edo maiatzean, edo ekainean, baina atera, seguru aterako gara!”.
Karpari erabilera gehiago eman nahi dizkio, zirkuko artistak entrenatzeko leku izan dadin, edota ikastaroak eskaintzeko toki. Izan ere, Euskal Herrian ez da erraza zirkuko diziplinak horretarako propio egokitutako leku batean lantzea. Beraz, zer karpa bat baino hobea! “Zirkuko artista horientzat osagarri ona litzateke eskolak ematea, eta gure karpak jarraitutasuna izango luke neguan”. Nolanahi ere, baimen kontuak tarteko, eta Tolosako zezen plazan eraberritze lanak egin behar dituztenez, oraingoz ezinezkoa zaie aukera hori. Gutxienez, Tolosako Inauteriak igaro arte itxaron beharko dute (ordurako amaituko dituztelakoan aipatu lanak). Orduan ere, ea nola dauden baimenak eta gainerako kontu burokratikoak.  “Ikusiko dugu Udalak zer esaten digun, eta, ahal bada, bertan jarriko dugu, zezen plazan”.
Xedeak argi, baina bidean itzalak. Burokratikoak, batetik, baimenak eta beste lortzea ez delako erraza izaten. Ekonomikoak, bestetik, zirkua aurrera ateratzea ez delako ahuntzaren gauerdiko eztula, txikia izan arren. Artistei baldintza duinak eskaini, sarrerak garesti ez jarri... ahalegin handia eskatzen du. Halere, ezinbesteko baldintzak dira horiek Galartzarentzat, erakusteko “zirkutik bizi daitekeela”. Horregatik, argi du: “Proiektu hau poliki-poliki hasi zen, eta abiadura oso-oso motelean doa. Badakigu erritmo horretan egin behar duela bidea. Nahi nuke azkarrago joan, baina ez daukat dirurik... eta diru laguntzarik ez dagoenez, eta ez dudanez ezer lortu...”. Lankide, lagun eta ezagunen laguntza eskerga jaso du, eta Tolosako Udalak zezen plaza utzi zion. Esker oneko ageri da Galartza, baina laguntza handiagoa sumatzen du faltan. “Nik badakit egurrak mozten, zirkua muntatzen, desmuntatzen, antzeztu egiten dut... Baina jada ez dakit zer egin behar den diru laguntza bat eskatzeko. Ez dut itxaropenik galtzen. Badakit diru laguntzekin edo gabe aurrera egingo dudala, baina gustatuko litzaidake zirku honek artistei baliabide gehiago eskaintzea, eta haiek baldintza duinetan lan egitea”.
Astiro doa egitasmoa, baina tinko. “Badakizu: “hori ezin liteke” esaten dizute, baina zuk badakizu egin, egingo duzula. Ez dakizu nola, ezta noiz ere... Baina bueno, poliki-poliki bagoaz. Hemendik aurrera, ez dago atzera-bueltarik”. Ikuskizuna hasi da. Bada, jarrai dezala!

Zirkua, gure

Zirku tradizio luzeko familiei egin ohi diete erreferentzia zirku askoren izenek. Haatik, Galartzak ez du nahi izan halakorik. “Ni ez naiz zirkuan jaiotakoa, hortaz, ez nion jarri nahi Galartza Zirkua. Zentzu horretan, nire burua ez dut batere nartzisistatzat. Hemendik 15 urtera ez baldin banago honetan, martxan jarri dudan honek aurrera jarraitzea nahiko nuke, eta jendea Gure Zirkura joatea, ez  Galartzaren Zirkura. Gainera, “gure” horrek esanahi asko ditu euskaldunontzat. Gure etxea, gure aita... esan ohi dugu, eta ez nire etxea, nire aita... Familia eta ingurukoak hartzen ditugu barne gure horrekin. Hortaz, Gure Zirkua!”.

Lehenik eta behin, pailazo

Gure Zirkuko emanaldietan, Galartzak jokatu du pailazo rola. Ororen gainetik, horixe baita: pailazoa. Batez ere aktore lanak egin du ezagun Galartza, baina pailazo eta komediantea ere bada. Galdetzen zaionean, “pailazoa, komediantea eta aktorea” dela esan ohi du, hurrenkera horretan. “Pailazoa naiz, komediante aritzea gustatzen zait, eta, gero, etxera txanponak eramateko lana ateratzen zaidanean, aktore izatea ere egokitzen zait”. Txikitatik datorkio grina: “Pailazoa naiz, pailazo izan nahi dudalako. Umetan horixe erabaki nuelako. Pailazoa izatea zen nire ametsa, konturatu nintzen arte pailazoa izango nintzela. Ez nekien nola, non... baina bai pailazoa izango nintzela. Alegia, aktore lanik ez badaukat, edo ezin badut komediante jardun, pailazo beti izango naiz. Okindegi batean lan egin behar badut, ez daukat inolako arazorik. Ikasiko dut ofizioa, eta ariko naiz. Edo tabernan lanean, edo komunak garbitzen... baina pailazoa izango naiz”.