Euskal antzerkiaren ezinbesteko hitzordua, Azpeitian

ikusgarri

Urtero bezala, azaroan, euskal antzerkiaren habia eta erakusleiho izango da Azpeitia, XXXV. Euskal Antzerki Topaketei esker. Azaroaren 1ean, V. Antzerki Eskolen Egunak emango die hasiera hilaren 26ra arte iraungo duten topaketei. Lau astean, haur zein helduentzako lanak eskainiko dituzte. Helduentzako lanen artean, besteak beste honako hauek izango dira ikusgai: Metrokoadroka Kolektiboaren eta Pez Limboren Miss Karaoke; Tartean Teatroaren Ez Dok Hiru; Anodino Teatroaren Erbeste edo saihets baten aldarrikapenak; Compagnie Rouge Elearen Hau da nire ametsen kolorea; Txalo Produkzioaken Etxeko saltsak; Ze Onda Antzerkiaren Heriotza bikoitza (Doble malta) edota Eromen Produkzioaken Hysteria. Hilaren 23an eta 24an, halaber, antzerki alternatiboari eskainitako ziklo berezia izango da, Gaztetxean, Huts teatroaren Hozkailua lanarekin eta Atx Teatroaren Bihotz salataria lanarekin, hurrenez hurren. Aurtengo topaketei amaiera emateko, Aukeran dantza konpainiak Maurizia lana taularatuko du, Soreasu antzokian.


begibelarriIRAILETIK, martxan da, Gasteizen, Begi Belarri ikus-entzunezkoen zikloa, hilean behin euskarazko film bat eta osteko solasaldia eskaintzen dituena. GEU elkarteak eta Oihaneder Euskararen Etxeak antolatuta, apirilera arte iraungo du. Azaroaren 29an, Josu Martinezen Gure sorlekuaren bila dokumentala eskainiko dute; urtarrilaren 31n, Iratxe Fresnedaren Irrintziaren oihartzunak; otsailaren 28an, Iban Gonzalezen Ama, nora goaz?; martxoan (egun zehatza zehaztu gabe dago); Euskaldunon Topaguneak antolatzen duen Laburbira film laburren zirkuituko hainbat lan; eta azkenik, apirilaren 25ean, Estibaliz Urresolaren Paperezko ahotsak. Salbuespenak salbuespen, emanaldi guztiak Oihaneder Euskararen Etxean izango dira, 19:00etan.

 

 

LABURREAN

AZAROAREN 10etik 17ra izango da Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 59. edizioa. Aurtengoan, nazioarteko 62 film labur ariko dira lehian jaialdiko hiru alor nagusietan: fikzioa, dokumentala eta animazioa. Bestalde, bi lagun omenduko ditu jaialdiak: batetik, Alberto Iglesias konpositoreari Ohorezko Mikeldi saria emango diote, bere sormen askatasunagatik; bestetik, amaierako galan, Marco Bellocchio zuzendari italiarrak  jasoko du Ohorezko Mikeldia, bere filmografia zabalagatik.


amodioarenEUSKAL ANTZERKIAREN esparruko sortzaileei laguntzea xede, Zubi egitasmoak laugarren deialdia abiatu du. Hastapen prozesuan diren  formatu txiki edo ertaineko proposamenak hartzen ditu kontuan, eta irabazleak antzezlanaren beharretara egokitutako laguntza orokorra jasoko du: laguntza artistikoa, teknikoa, ekonomikoa eta kudeaketarekin lotutakoa. Gainera, Zubi egitasmoaren bultzatzaileen areto edota guneetan emanaldi bana eskaini ahal izango du (9 eragilek eta elkartek osatzen dute Zubi). Azaroaren 30ean amaituko da proposamenak aurkezteko epea. Informazio guztia www.zubi.eus gunean aurki daiteke.