Logan Lucky

logan

Zuzendaria: Steven Soderbergh. Gidoia: Rebecca Blunt. Aktoreak: Channing Tatum, Adam Driver, Riley Keough, Daniel Craig, Farrah Mackenzie, Katie Holmes. AEB, 2017.

Istorioa: Diotenez, madarikazio batek jota dago Logan familia. Lehenago edo beranduago, familiako kide guztiei gertatzen zaie zorigaitzen bat. Familiaren patu petrala edota sineskeria txepela, Jimmy, Mellie eta Clyde anaia-arrebek madarikazioaz paso egitea erabakiko dute, auto lasterketa entzutetsu batean lapurreta egiteko.
Zuzendaria: Ibilbide luzeko zuzendaria da Soderbergh, eta denetariko lanak ondu ditu: arrakasta handia izan dutenak eta izan ez dutenak, kritikaren txaloak jaso dituztenak eta harrera ona izan ez dutenak, oso komertzialak eta kontrakoak... bateko nahiz besteko, eskarmenturik eta trebetasunik ez zaiola falta erakutsi du berriro ere, ikuslearen mesederako.
Onena: Ikuslea gozarazteko eta pozik uzteko filma da Logan Lucky; dibertigarria. Saihetsezina da Soderberghen beraren Ocean’s Thirteen, Ocean’s Twelve eta Ocean’s Eleven filmak gogora ekartzea, hiru film haien bertsio kaikua dirudi eta. Film bizia eta entretenigarria, bere arintasunean.
Eñaut Mitxelena