Arnasa tokiko saltokientzat

ogerlekoa

Gertuko erosketak bultzatzeko asmoz jarri dute martxan Ogerleko, Aiaraldeako diru osagarria. Ivan Santamaria.

 

Erronka gogorra izan da krisia merkatari askorentzat. Soldata jaitsierak, langabeziak edota etorkizun hurbilari buruzko zalantzek kontsumoa uzkurtu dute leku guztietan. Tokian tokiko merkataritza indartzeko modu berriak asmatu behar izan dituzte, eta aukera bat diru osagarriak sortzea izan da. Horietako bat, Ogerleko izenekoa, abendutik aurrera hasi ziren erabiltzen Arabako Aiaraldean. Arrakasta izanez gero, proiektua Araba osora hedatzeko aukera legoke.
Tokian tokiko diruak filosofia erraza du: eskualde jakin baterako prestatzen da, eta eremu horretan bizi diren kontsumitzaileek bertako saltokietan erostea du helburu. Gaur egungo krisi garaietara egokitutako asmakizun berritzailea dirudi, baina, egiari zor, historia luzea dute diru osagarriek. 1930eko hamarkadan egin ziren lehen saio esanguratsuak Austriako bailara batean. Egun, adibideak mundu osoan daude. Euskal Herrian, esaterako, Euskoa jaulki zuten Ipar Euskal Herrian duela urtebete pasatxo.
Aiaraldeako ezaugarriei egokituta sortu da Ogerleko. “Bailarak industria indartsua du, enpresa eta langile askorekin, baina gastu ihesa gertatzen ari zela ikusi genuen. Alegia, bertako enpresek sortutako aberastasunaren zati handi bat ez zela bertan kontsumitzen” azaldu du Edurne Parro Arabako Merkataritza Federazioaren kudeatzaileak. Gastu ihes hori murrizteko asmoz, diru osagarri bat ateratzea erabaki zuten Federazioak eta merkatariek elkarlanean. Joan den urteko abenduaren 11n kaleratu ziren lehen ogerlekoak. Parekotasun erraza du: ogerleko batek euro bat balio du.
Hasiera batean, industria eta merkataritza hurbiltzea da erronka. Hala, bailarako enpresetako mila langileri txartel bana eman zitzaien. Proiektuan parte hartzen duten edozein saltoki eta zerbitzutara joan eta txartel hori aurkeztuz gero, gastatutakoaren zati bat ogerlekotan itzultzen die dendariak. Esaterako, arropa-denda batean 200 euroko erosketa eginez gero, 20 ogerleko jasoko ditu bezeroak, eta, ondoren, proiektuko beste edozein saltokitan erabili ahal izango ditu. Saltoki gehienek % 10 itzultzen dute, baina badira  % 5 eta % 2 bueltatzen dutenak ere. Azken finean, beherapen moduko bat da, baina baditu abantailak, dirua eskutik eskura mugitzen jarraituko duelako. “Erosketa zirkuitu itxi bat da sustatzen duguna, azken finean” zehaztu du Parrok. Billeteetan, Aiaraldeko irudiak agertzen dira.
Laudio, Amurrio eta Artziniegako 90 saltokik hartzen dute parte proiektuan. Pozik daude monetak izandako harrerarekin. “Ideia argi ikusi zuten hasieratik. Kontuan hartu behar da beherapen bat eskaintzen ari direla, eta, azken finean, euren irabaziak murrizten ari direla, baina erantzuna oso ona izan da” azaldu du federazioaren kudeatzaileak.
Hasi bezain pronto, jakin-mina piztu zen herrietan. “Txartela eskuratu nahi zutenen dei asko jaso genituen. Esaterako, langabeenak”. Hori dela eta, Gabonetan aukera eman zitzaien saltokiei txartelak edozein bezerori banatzeko. Horri esker, 1.600 onuradun izatera iritsi ziren. Azken asteotan beste kanpaina bat egin dute, eta kalkulatu dute beste 500 txartel inguru banatu direla. Bailarako eragile gehienak proiektua bultzatzen ari dira dagoeneko.
Txartela jasotzeko eskariek islatzen dute proiektuak interesa piztu duela. Zailagoa da, ordea, merkatarientzat duen ondorioa neurtzea. Gaur egun, 30.000 ogerleko inguru daude zirkulazioan. “Zaila da esatea horrek benetan zer-nolako eragin ekonomikoa duen, etengabe aldatzen direlako eskutik eskura” dio Parrok. Azken batean, ogerleko bakar batek salerosketa ugari finantzatzen ditu aldi berean, erosketa ezberdinetan erabiltzen delako.
Jaulki aurretik, bi urtez landu zuten diru osagarriaren ideia, Laudioko eta Amurrioko merkatari elkarteekin batera. Hori dela eta, proiektuaren abiapuntua Aiaraldea izatea erabaki zuten. Ideia azkar hedatu zen, eta berehala iritsi zitzaien Gasteizera eramateko proposamena. “Aiaraldean eta Gasteizen aldi berean jaulkitzea aztertu genuen, baina alde batera utzi genuen”. Gasteiz hiri handia da, merkataritza asko du, eta oso sakabanatuta dago. Momentuz, aurtengo lehen seihilekoa igaro arte beste urratsik ez ematea erabaki zuen federazioak. Ondoren, Ogerlekoren erabilera aztertu eta hedatu egingo den erabakiko dute.