Xabi San Sebastianen azken lana, zuhaizpean egina

xabi

Zuhaitzak ez du beldurrik izena du Xabi San Sebastianen azken lanak, bakarkako ibilbideko laugarrenak. Bederatzi kantu ditu diskoak, askotarikoak: gitarra akustikoaren laguntza dute batzuek (Zuhaitza, Ikusezina), baina beste zenbaitetan ikerketan edota eromenean murgildu da musikaria (Haizea gozatzen, Ametsa), Mikel Laboa gogoan. Bost urte igaro dira aurreko diskoa (Erraiak, 2012) argitaratu zuenetik, denbora hori behar izan duelako “ideia berri bat jorratzeko”. Naturarekin harremanetan, mendian, egon den uneetan jaiotako lana da hau. Horrela landu ditu diskoan biltzen diren ideiak, bizitzari eta inguruan duenari buruzko gogoeten ondorioz. Hala, kantuak San Sebastianen beraren bizipenak eta hausnarketak dira. Lehenengo kanta, adibidez, Nereari, hurbileko lagun bat hil zenean egin zioten eskaera batetik sortu zen. Xabi San Sebastianek aurrera jarraitzen du diskoaren aurkezpen biran: azaroaren 5ean, Bilboko Biba! aretoan izango da; eta 30ean, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean.


aitzinaAITZINA FOLK jaialdiaren V. edizioa hasiko da, Gasteizen, azaroaren 25eko kalejirarekin. Ordutik aurrera, eta abenduaren 29a bitartean, hainbat folk kontzertu, erakustaldi, masterclass eta tailer egingo dira Gasteizko zenbait aretotan, ataxia-telangiektasiak kalteturiko pertsonei laguntzeko; izan ere, asmo horrekin antolatzen du jaialdia Aitzina taldeak, gaixotasun hori pairatzen dutenei laguntzeko elkarteak. Edizio honetan, besteak beste, Ford Winds, Kolme Katu, Wäsen, Enekora eta Gandarwa taldeek joko dute. Kukai dantza taldea ere bertan izango da, Gwennyn abeslari bretainiarrarekin batera, Mendizorrozako kiroldegian, abenduaren 27an. Benito Lertxundik itxiko du jaialdia, abenduaren 29an Principal antzokian eskainiko duen kontzertuarekin. Informazio gehiago www.aitzinafolk.org gunean.

 

 

lurraLURRA, ARDOA, DANTZA
Iñaki Palacios & Mulixka Dantza Taldea
Baga-Biga, 2017

Palaciosek txistuaren kontzeptu berritzailea bilatu du bere lehen diskoan. Hainbat musika tresnarekin nahasi du Arabako Errioxaren nortasuna azalarazteko, baina txistua da protagonista, gitarraren, baxuaren, bateriaren, perkusioen, digeridoo-aren, handpad-aren eta sekuentzien babesean. Txistuak eta kantu alai, dantzagarri eta gogoangarriek ardoaren prozesuaren kontzeptualismoa dute iturri. Ez da disko soila, ikuskizun bilakatu baitu Josu Sanchez dantzari eta koreografoak, Mulixka dantza taldearekin batera.

glaukomaKALIMA
Glaukoma
Bonberenea Ekintzak, 2017

Hau ez da disko goxo eta onbera, lehorra eta likitsa baizik. Basamortu ditugun bizitzak, lan kaskarrak, ongizate ameskeriak, errealitate likidoak eta maitasun faltsuak ageri dira bilduman. Ohiko Glaukoma da, baina helduago, zuzenekoago, lehorrago. Helduaroak gaztaroko alaitasuna erre balu bezala: itsasoa ez da haurtzarokoa, ahanzturaren eta heriotzaren itsasoa baizik; egun ez ei dago mugarik, baina hesiak gero eta altuagoak dira... Kalimak, ordea, ez du mugarik, eta musika notak barreneraino sartzen dizkigu, barrunbeak lehortu arte kolpatzeko.