Asfaltoko lorea

folketanHamaika entzuteko!
Folketan
Gaua, 2017

Disko honetan, ez dago gezurrik: Folketan da taldearen izena, eta folka egiten dute. Hamaika entzuteko izenburua jarri diote estreinako lan honi, eta hamaika doinu bildu dituzte disko dotore eta diseinu bikainekoan. Hamaika doinu, den-denak herri musikaren iturri agorrezinetik isuriak; gehienak euskal folklorearen tradizio aberatsetik berreskuratuak dira, baina badaude Galiziari, Irlandari eta Ingalaterrari egindako keinu batzuk ere. Guztia tradizioaren eta modernotasunaren arteko oreka zailari eutsita, purismo antzuan erori gabe moldaketa landuak erantsita, ttun-ttuna eta bateria, zarrabetea eta gitarra elektrikoa, txanbela eta baxua uztartuta. Folketan Bizkaiko Ezkerraldetik datoz (batzuek harrigarria dela iritziko diote, larre, orbel eta errekasto gardenaren oihartzunak dakartzaten doinu hauek entzunda), eta, Oskorrik adio esan ostean, euskal folk garaikidean hark utzitako lekua betetzeko hautagaiak izan daitezke.

Gotzon Hermosilla