Alexis Zorbaren hitzak eta egintzak, euskaraz

ilustratu

Greziako literatura modernoak eman duen idazle apartenetako baten obra ezagunena itzuli du Luis Berrizbeitiak Elkar argitaletxerako. Alexis Zorbaren hitzak eta egintzak da  Nikos Kazantzakisen (Kreta, 1885-Friburgo, 1957) liburuaren euskarazko izenburua. Bi irudi arketipikori buruzko istorio zurrunbilotsua da nobela. Batetik, kezka existentzialez betetako idazle gaztea, Kretan bizitza berri bat hastea erabakitzen duena, hango jende xumearen artean. Bestetik, Alexis Zorba, idazlea Kretarako ontzia hartzera doanean hurbiltzen zaion agure mazedoniarra, munduko plazer guztiaz gozatu zalea. Topaketa horrekin hasten da abentura. Mundua bizi eta ulertzeko bi modu ageri zaizkigu, elkarrekin talkan, bi protagonisten arteko hizketa mamitsu eta eztabaida suharretan, gai eternoak hizpide: maitasuna, heriotza, aberria, askatasuna, Jainkoa… Kazantzakisek 1946an kaleratutako eleberria are ezagunagoa bihurtu zuen Michael Cacoyannis zinema zuzendariak 1964an egindako egokitzapenari esker: Anthony Quinn aktoreak jokatu zuen Zorbaren pertsonaia.


rosaliaMUNDUKO POESIA KAIERAK (Susa) bilduma 24. zenbakira iritsi da kaleratu berri diren hiru lanekin. Oraingo honetan, Chuya Nakahara, Rosalia de Castro eta Seamus Heaney poeten antologia berriak dakartza bildumak. Chuya Nakahara (1907-1937) poeta japoniarra idazle gaitzetsien multzoan sartu izan zuten bere garaian, baina gaur egun poeta handienen artean daukate Japonian. Haren poesien itzulpena Hiromi Yoshidak egin du. Rosalia de Castro (1837-1885) poeta, berriz, Galiziako literaturan Rexurdimento (Pizkundea) mugimenduaren abiapuntua izan zen. Koldo Izagirrek itzuli du haren obra. Azkenik, Seamus Heaney (1939-2013) irlandarrak, poeta modernoen artean estimatuenetakoa bera, Nobel Saria jaso zuen 1995ean. Xabi Bordak egin du haren itzulpena.

 

 

 

 

haizeariHAIZEARI BEGIRA
Jon Ariza De Miguel
Elkar, 2017

Europa zaharreko uharte txiki bateko hotel zahar eta txiki batean, gizon bat dago zenbait egun pasatzen, aspaldi ikusi bako anaiarekin. Leihotik, emakume baten errainua ikusi uste du pareko eraikinean, errezelen atzean. Jakin-mina pizten zaio protagonistari, ikusmin hori irrika bihurtzen zaio,  eta denbora leiho ondoan ematen du, andre hori berriz noiz ikusiko. Idazleak lehendik frogatutako dohain apartak erakusten ditu bere bigarren eleberri honetan ere:  sen kritikoa, umore sotila…


mendiMENDI LITERATURA
Haritz Monreal Zarraonandia
EHU, 2017

Mendi literaturaren bilakabidea, munduan eta Euskal Herrian. Menditik igaro dira profetak, errebelazioak zabaltzeko; naturalistak,   natura   deskribatzeko;  poetak, inspirazio bila; esploratzaileak, lurraldea bereganatzeko; jakitunak, lurraldea interpretatzeko; emakumeak, pairatzen dituzten bidegabekeriak azaleratzeko; muturreko eskalatzaileak, nazioaren edo norberaren ohorearen xerka; mendizale, alpinista eta eskalatzaile apalak, abenturaz eta naturaz gozatzeko...