Jenisjoplin

jenisjoplinUxue Alberdi
Susa argitaletxea, 2017

C1 maila

Uxue Alberdiren Nagore Vargas Jenisjoplin (harena diot ez berak sortu duelako, baizik eta antzeman zaiolako oso berea duela, hiltzeraino defendatuko lukeela sekula bakarrik utzi barik), otarrainen putzu batera gerturatuta, itsas izaki horietako batek azala nola berritzen duen begira geratuko da: saiheska etzanda, gorputz atalak astintzen ditu; bat-batean, irekidura bat sortzen zaio bizkarraldean, eta bestelako izaki bat ageri da oskolaren kontra bultzaka, erditze itogarrian, armadura zaharra betiko utzi nahian; azkenean, oskoletik askatutakoan, animalia sortu berria larru ohiaren aldamenean geratu da, akituta. Beste hainbeste animaliak egiten duten bezala. Pertsonok, batzuek, bezala.
Bada, Nagore Vargasek berak igual-igual, eta liburu honetan horixe ikusteko aukera izango duzu, ederki harilkaturiko flashbacketan: Euskal Herriko neska gazte baten azalberritze eta gogoberritzea, denboran aurrera egiteak dakarren aldaketa hutsa baino. Argi diotsut: ez espero kontakizun samurrik, nostalgikorik edo denboraren poderioz edertukorik, nork bere lumak kentzea prozesu mingarria eta nekagarria baita. Gainera, 80ko eta 90eko hamarkadetako Euskal Herrira itzuliko zara, eta kontakizun hau, joandakoak beti edertzeko ohiko joeraren kontra, orduko zikinkeria guztiarekin ere badator… Guztia emakume bihurtze bidean den ahoan legarrik gabeko neska baten begietatik, beretzat ezer gorde barik.
Usoa Alberdi