Gezurra esan nuen Whatsappean...

... eta ni baino lehenago zegoen... mmmm... ez dakit, bada... etxepean?
Ez naiz bertsolari ona, eta egongo dira, seguru, niri bururatu zaidan hori baino errima hobeak. Baina, kontuak kontu, euskal esamoldeen bilduma eguneratu beharra dugu, egia-ostearen garaiotara egokitzeko. Bizi garen sasoi honetan, gezurrak hankak labur baino, azkar-azkarrak ditu. Lehen Getariaraino iristeko behar zuen denbora berean, gaur egun bizpahiru buelta eman diezazkioke Lurrari.
Izan ere, datuak argiaren abiaduran, edo are azkarrago, mugitzen dira sare sozialen eta berehalako mezularitzaren aro honetan. Batek albiste deigarri bat jaso, eta atzamar punta apur bat aurreratuta klik batean lor dezake beste dozena bat laguni bidaltzea, eta haietako bakoitzak beste dozena bati, haiek... eta horrela eratzen dira egundoko gezurtzarrak, geldiarazten oso zailak.
Kontua ez litzateke larria, gezur horiek batzuetan, sarritan, nahita sortutakoak ez balira, alegia, iritzi giro jakin bat pizteko edo kalean dagoen beste bat baretzeko. Adibide oso freskoa Kataluniako gertaeren inguruan daukagu, non independentziaren kontrakoak zein aldekoak jo eta su aritu diren batzuek eta besteek jasotako ustezko eraso eta kalamidadeen gaineko irudi faltsuak zabaltzen, barra-barra zabaldu ere. Kasua hain izan da nabarmena, nazioarteko kazetaritza erakunde bat gaiari buruzko bilduma bat osatzen hasi dela.
Hain larria, ezen Facebookek berak ere dekalogo bat argitaratu baitu, propio, irakurleei albiste faltsuak
atzematen laguntzeko. Oso oinarrizko gauzak dira, baina noizbehinka, uneko beroaldian, ahaztu egiten zaizkigu. Aipatzen da berriaren edo irudiaren jatorria? Badago jatorri hori egiaztatzerik? Izenburua deigarria bada, bat dator albistearen edukiarekin? Gakoa da jasotzen ditugun mezuekiko gutxieneko jarrera kritikoa izatea, baina, esan bezala, batzuetan ez da erraza izaten.
Zuek zer diozue? Egiaztatzen dituzue WhatsApp edo sare sozialen bidez jasotzen dituzuen eleberriak, beste inori bidali aurretik? Gertatu zaizue inoiz albiste bat horrela jaso eta gerora gezurrezkoa zela jakitea?