‘Nomofobikak’, oholtza gainetik Internetera

nomofobikak

Antzerkitik sareetara, antzezlana websail bilakatuta. Bide hori egingo du Nomofobikak taldeak, izen bereko umorezko euskarazko websaila abian jarrita. Urriaren 24tik 27ra bitartean Bilbon egindako Seriesland jaialdian, websailei eskainian, aurkeztu zuten, eta azaroaren 2tik aurrera sarean egongo da ikusgai. Lehen denboraldiak sei atal izango ditu, eta hamabostean behin bi kapitulu sareratuko dituzte. Nomofobikak taldeak 2016ko Donostiako Poltsiko Antzerki Sorkuntza programa irabazi zuen, Sarean Kateatuak antzezlanari esker. Antzokietan ez ezik, Interneten ere ikusi ahal izan ziren haien gorabeherak, iazko Gabonetan atal bat sareratu baitzuten Berria kazetaren webgunean. Websailean, bi emakume dira protagonistak, nomofobikoak eurak, hots: ezin dira bizi sakelako telefonorik gabe. Olatz Beobidek eta Amaia Lizarraldek jokatzen dituzte bi protagonisten rolak. Pedro Fuentes da zuzendaria, eta Pascal Gaignek sortu du musika. Beste aktore ezagun askok ere parte hartuko dute, hala nola, Paco Sagarzazuk, Ramon Agirrek, Klara Badiolak edo Asier Hernandezek.


blogetanBLOGETAN.EUS ataria berritu du Azkue Fundazioak, euskal blogarientzat nahiz blogen irakurleentzat erreferentziazko gune izateko xedez. Euskarazko blogen edukiak automatikoki biltzen ditu guneak, eta kronologikoki eta kategorien arabera sailkatzen. Lau ezaugarri nagusi ditu: euskal blogarien bilduma da; edukiak pertsonalizatzeko aukera eskaintzen du; blogarien datu basea da; eta Blogetan! lehiaketari leku egiten dio. Berrikuntzei esker, atariak automatikoki bildutako edukiak aukera ditzakete erabiltzaileek, eta haiek soilik jaso. Parte hartzeko aukerak ere zabaldu dituzte; hartara, bildumara blog gehiago batzeko proposamenak egin ahal izango dituzte erabiltzaileek. Blogetan! Blog izarren bila lehiaketak, Azkue Fundazioak eta Argia aldizkariak euskarazko blogak saritzeko antolaturiko txapelketak, orain arteko bi edizioetan eskainitakoa ere jasotzen du atariak, baita hurrengoaren berri ematen ere.

LABURREAN

bertsozaleIRAILETIK, abian da Bertsolari Txapelketa Nagusia, eta, ohi denez, ematen ari denaren eta emango duenaren berri xehe-xehe jasotzen ari da Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, bertsozale.eus atarian horretarako propio sorturiko atalean. Txapelketari buruzko guzti-guztia jasotzeaz gain, azterketa eta hausnarketarako tartea ere egin diote. Hala, txapelketa amaitu bitartean, bertsolaritzari eta bertsogintzari buruzko artikuluak argitaratuko dituzte. Guztira, 16 lagunen lanak irakurri ahal izango dira: Lorea Agirre, Harkaitz Cano, Manex Agirre, Uxue Alberdi, Eider Rodriguez... Kultur eragile ezagunak, ikertzaileak edota bertsolaritzan adituak guztiak ere. Bertsolari Txapelketa Nagusiari eskainitako gunean, Egunean ataleko Adituen analisia azpiatalean aurki daitezke idatziok.

sorginetxeFERNANDO MORILLO idazleak Sorginetxe istorioak izeneko proiektua ipini du martxan, euskarazko istorioak bideo bitartez plazaratzeko. Sare sozialak nagusi diren garaiotan gazteek batez ere bideoak kontsumitzen dituztela eta euskaraz halako gutxi dagoela jakitun, ikus-entzunezko lanak sortzen hasi da Morillo. Hala, mota orotako istorioak zabalduko ditu, euskaraz eta bideo formatuan: benetako istorioak, asmatuak, kondairak, teknologia kontuak... Bi lekutan ikus daitezke Sorginetxe istorioak: Morilloren webgunean (www.fernandomorillo.eu) edo Youtuben sorturiko kanalean (Sorginetxe istorioak izena du).