Zer-nolako erabilera ematen diozu segapotoari?

ikamika

Egun, inor gutxi ibiltzen da sakelako barik. Teknologiaren garapenari esker, telefono deiak egiteko ez ezik, beste hainbat funtzio betetzeko ere baliagarria da. Alabaina, komunikazioa errazteko trepeta horri kontrako portaerak eragitea egozten dionik ere bada. Izan ere, nori ez zaio inoiz gertatu inorekin geratu eta solaskidea etengabe sakelakoari begira egotea, norberari ia kasurik egin gabe? Edota nork ez du noizbait halakorik egin? Nork ez du ezagutzen sakelakorik gabe urduri jartzen denik? Finean, telefono adimendun direlakoek batere adimentsuak ez diren jokamoldeak eragiten dituzte gizakiongan, hori teknologiaren errua izan ez arren... Nolanahi ere, lagunarte askotan eztabaida pizten du gaiak. Bai, behintzat, arestian aipaturiko moduko une jakinetan. Zuk ere bizi izan dituzu halakoak? Ala teknofobo marmartien kontuak iruditzen zaizkizu? Azken batean, nola erabiltzen duzu segapotoa? Tafallako AEK-ko arratsaldeko B2 mailako ikasleak

1. Rosa

Ongi erabiliz gero, gauza ona da. Denoi gertatu zaigu, ordea, mahai inguruan norbait etengabe hari begira egotea, ondokoei jaramonik egin gabe. Hobe, batzuetan, ahaztea.

2. Ujue

Nik deiak egiteko eta SMSak bidaltzeko erabiltzen dut; izan ere, lotsa ematen dit jende aurrean nirea ateratzeak, oso zaharra baita.

3. Maria

Egun, denok daukagu bat, ezin gara bera gabe bizi. Tresna garrantzitsua da, baina  dugun menpekotasuna gero eta handiagoa da. Gure artean komunikatzeko modua aldatzen ari da.

4. Marta

Aurrerapen guztiak ongi daude, neurri batean, ordea. Nik ez nuke segapotoa baztertuko, baina ez nintzateke, inolaz ere, horren esklabo biziko.

5. Maitane

Jada batzuk ezin gara gailu hori gabe bizi. Batzuetan, lagunen artean hitz egin gabe egoten gara horrekin gaudelako. Denbora asko galtzen dugu jolasten, eta menpekotasun handia dugu.

6. Rikardo

Ez da ezinbestekoa, orain arte hori gabe bizi izan gara eta. Baina modu egokian erabiltzen bada, oso tresna ona da; eta, bestela, ez da segapotoaren errua, norberarena baizik.

7. Paula

Ez zait telefonoz hitz egitea gustatzen. Nahiago dut lagunekin gelditu zerbait hartzeko eta, bide batez, beraiekin hitz egiteko. Beharrezkoa bai, baina ez ezinbestekoa.