Izkin egin gabe

turistak

Azken urteotako joerari eutsita, amaitzear den udan turistaz mukuru izan dira Euskal Herriko bazterrak. Turistak gora eta behera gure lurraldean, eta turismoa aurrera eta atzera euskal herritarren ahotan. Izan ere, turismoaren gorakadak eztabaida bizia piztu du: batetik, gorakada betekada bihurtu dela eta, egungo turismo ereduaren ondorio kaltegarriak salatu dituzte batzuek; bestetik,  beste batzuek diote, mantra balitz bezala, turismoak aberastasuna eta onura besterik ez dakarrela, nola eta norentzat zehaztu gabe. Halaxe joan da uda, inguruotan ia edozein gairen inguruan sortzen diren ohiko osagaiekin: manifestazioak, zenbaitetan desegokiak izan diren protesta ekintzak, protesta egiten dutenen kontrako manipulazio saiakera zatarrak, arazoa desbideratzeko ahaleginak, turista aldareetara igoarazi duten diskurtsoak edota, kontrara, turistak kalte guztien jatorritzat jo dituztenak... baina fundamentuzko eztabaida gutxi. Hori bai, agerian geratu da turismo ereduarena ez dela interes politikoen arabera astindu beharreko polemika antzua. Lehendik ere gaia mahai gainean zegoen, eta artez heldu beharko litzaioke, alde guztiak aintzat hartuta. Horren ordez, enegarren aldiz bistaratu da herri honetan gai askoren inguruan zintzo eta serio eztabaidatzeko daukagun ezintasun patologikoa, endemikoa ez esatearren. Horixe ere aipatu beharko da turismo gidetan, turistentzako jakingarri.