Ondarea

berangoBurdin Hesia babesteko egitasmoa jarri dute martxan hainbat erakundek

Ondarea zaindu eta balioetsi, ahanzturan eror ez dadin. Burdin Hesia, 1936ko gerran Bilbo babesteko eraikitako defentsa lerroa, babestuko du Eusko Jaurlari-tzak. Lan horretan, Burdin Hesiak zeharkatzen dituen 33 udalerrien, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Gogora institutuaren laguntza izango du. Jose Antonio Agirre lehendakari zuela, Eusko Jaurlaritzaren aginduz eraiki zuten Burdin Hesia, Bilbo Francoren armadatik babesteko. Zierbenatik Sopelaraino, 80 kilometro luze zen. Ferra itxurakoa, Bilboz gain Abra badiako portua eta argindar eta ur hornidurak babesten zituen. Gotorlekuak, lubakiak, metrailadore habiak, babesguneak... hainbat elementu zituen. Haatik, ezin izan zuten guztiz bukatu: faxistak babes lerrora hurbildu zirenean, soilik % 40 zegoen bukatuta. Eta, aski jakina denez, ez zuen balio izan faxistak gerarazteko, ekainaren 19an hartu baitzuten Bilbo. Gertakari hura gogoan izateko balio izango du egitasmoak. Hala, batetik, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Burdin Hesiaren aztarnak babestuko ditu, Euskal Kultur Ondarearen Legearen bitartez. Bestetik, Aldundia eta udalak egun zutik jarraitzen duten elementuak zaintzeaz arduratuko dira. Gogora institutuak, berriz, memoriaren ibilbideak antolatuko ditu aztarnak abiapuntu hartuta. Gaur egun, 25 udalerritan topa daitezke Burdin Hesiaren aztarnak. Zenbait lekutan bisita daitezke, tokian tokiko udalen zein herritar eta oroimen historikoari loturiko taldeen lanari esker. Esaterako, Berangon, Burdin Hesiaren Oroimenaren Museoan. Ahanzturaren kontrako babes lerro eraginkorra izango ahal da egitasmoa!.