Japonia

izozkiEguzkipean ere, izozkia urtzeko beldurrik ez!

Izozkia erosi eta lehenbailehen jan, beroak urtu baino lehen. Izozkizale edota izozki jale orok bete beharreko urratsa, bistakoa denez. Edo ez hain agerikoa, Japonian sortu dutenari erreparatuz gero, bederen: urtzen ez den izozkia. Kanazawa hirian sortu dute, baita salgai jarri ere. Eguzkiak bete-betean jo eta bero egin arren, bere horretan irauten du izozkiak. Forma berarekin, eta hotz. Sukaldari batek topatu du izozki mota hori egiteko modua, kasualitatez. Izan ere, bestelakoa zuen helburua: 2011n lurrikara eta tsunami batek erasandako Japoniako zenbait eremutako marrubiak baliatzea. Zonalde horietako marrubiak normal haziko ez zirela eta, inork erosiko ez zituen beldurrez, marrubiak erabiltzeko modu berriak aztertzen hasi zen sukaldaria. Hala, estraktu bat atera zuen marrubietatik. Estraktu hori izozkiarekin nahastean konturatu ziren izozkia urtzea eragozten zuela. Polifenol izeneko konposatuaren eraginez gertatzen da hori, Kanazawako Unibertsitateko ikertzaile talde batek ondorioztatu duenez. Ura eta olioa bereizteko zailtasunak sortzen ditu estraktuak. Hots, ohiko izozkietan gertatzen denaren kontrakoa. Behin izozkiarekin nahastuta, denbora dezente behar izaten du urtzeko. Dagoeneko merkaturatu dituzte izozki bereziok. Biotherapy Development Research Center Co. izeneko enpresak egin eta saltzen ditu, Kanazawan, baita Osaka eta Tokion ere. Hori bai, produktuari izozki deitzen ote dioten, ezin izan dugu jakin...