Hedabideak

harmaila‘Harmaila’ euskarazko kirol aldizkaria sortu dute

Dagoeneko irakurgai da Harmaila, udan aurkeztu duten euskarazko kirol aldizkaria. Eñaut Barandiaran gidoigile eta kirol kazetariak, Aitor Manterola kirol kazetariak eta Iñaki Berastegi kirol kazetari eta esatariak sortu dute, euskarazko kirol kazetaritzan zegoen hutsune bat betetzeko helburuz. Izan ere, orain artean ez zen euskarazko kirol aldizkaririk. Dagoeneko sarean da 0. zenbakia. Nahikoa babes lortuz gero, 1. zenbakia paperean aterako dute. Urtean bost zenbaki argitaratzeko asmoa dute sortzaileek. Era berean, Harmaila.eus webgunean ere eduki gehiago paratuko dituzte. Sortzaileek jakinarazi dutenez, lasai irakurtzeko aldizkaria da, azaleko kontuak baztertu eta gaiak sakonean landuko dituena: “Pasioa eta analisia uztartzen saiatuko da, eta dena euskara hutsean”. Emakumezko eta gizonezkoen kirol profesionalari ez ezik, herri mailako kirolari ere arreta eskainiko dio aldizkariak. Horretarako, hiru kazetari sortzaileen lanez gain, kolaboratzaile gehiagorenak ere argitaratuko ditu. Aldizkaria eskuratu nahi dutenek harpidetza bidez egin dezakete. 40 euro balio du urte osoko harpidetzak, eta www.harmaila.eus gunean egin daiteke. Ongi etorri, Harmaila!