Basauri

basauriSan Migel auzoa Bizkaiko kantarien topalekua izango da

Bizkaiko Kantarien Topaketa egingo dute, urriaren 28an, Basauriko San Migel auzoan. Egun osoko egitarauari esker, Bizkaiko herrietako kantari taldeak, kaleetan zehar kantuan aritzen direnak, batuko dira bertan, lagun giroan auzoko kaleetan kantuan ibili eta euskararen presentzia indartzeko. San Migelgo auzotar talde batek antolatu du topaketa. Duela hiru urte sortu zuten taldea, eta ordutik 30-40 lagun inguru hilean behin bildu ohi dira San Migelgo kaleak soinuz eta ahotsez alaitzeko, betiere euskaraz abestuz. Izan ere, kantuzaletasunak ez ezik, euskara kalean zabaltzeko nahiak ere batzen ditu taldeko kideak. Urriaren 28ko topaketan, lau multzotan banatuko dira San Migelera bertaratzen direnak. Kantujira egingo dute goizean, talde bakoitza abiapuntu ezberdin batetik abiatuta, azkenik denak bildu eta batera abesteko. Ondoren, bazkaria egingo dute Sofia Taramona eskolan, eta bazkarian zein bazkaloste luzean kantari jarraitzeko beta izanen dute. Guztira, Euskal Herriko lurralde guztietako 25 bat kanta inguru abestuko dituzte.