Ikastolak

lesakaLesakan egingo dute Nafarroa Oinez urriaren 15ean

1988an bezala, Lesakako Tantirumairu Ikastolak antolatuko du aurten Nafarroa Oinez, Nafarroako ikastolen aldeko jaia. Helburu argia izango du aurtengo hitzorduak: oraingo egoitza txiki eta zaharkitua geratu zaienez, aurtengo etekin ekonomikoa beste eraikin bat egiteko baliatzea. Eraikin horretan, besteak beste, jantoki berria, laborategia eta hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleekin lan egiteko gela paratuko dituzte. Helburu ekonomikoekin batera, bestelakoak ere izango dituzte: euskarak mugak izan arren, euskara bera muga ez dela erakustea; Nafarroa osoan euskararen presentzia eta garrantzia aldarrikatzea; auzolanaren garrantzia; edota Nafarroan ikastolen lana beharrezkoa dela azpimarratzea. Bikin bat in lelopean egingo da aurtengo Nafarroa Oinez. Lesakako euskalkian eta ahozko hizkeran idatzia dago, eta “bi” hitza du ardatz, zeinak hainbat esanahi hartzen dituen leloan: jaia Lesakan egiten den bigarren aldia dela; edozein komunikazio ekintzatarako gutxienez biren parte hartzea behar dela; aurtengo helburua Tantirumairu ikastolaren bigarren eraikina egitea dela... Leloaren beraren azalpen zehatza, baita urriaren 15eko hitzorduari buruzko jakingarri guztiak ere, www.nafarroaoinez.eus gunean daude ikusgai.