Ardogintza

errioxaArabako Errioxako ardoek ez dute berezko sor markarik izango oraingoz

Errioxa sor markaren barnean gustura ez zeudela eta, beren sor marka sortu nahi zuten Arabako Errioxako upategiek ez dute halakorik egingo. Ez, behintzat, datozen bi urteotan. Errioxa jatorri deituraren kontseiluak berriki hartutako erabakien ondorioz eten dute Arabako Errioxako berezko sor markaren sortze prozesua. Iazko uztailean ekin zioten Arabako Errioxako 40 bat upategik berezko jatorri deitura osatzeari. Ez zeuden gustura Errioxa sor marka zuzentzen duen kontseiluarekin. Batez ere, euren ardo botiletan ezin zutelako ongi nabarmendu ardoen jatorria. Orain artean, Errioxako jatorri deiturako ardoetan horixe bera nabarmentzen zen: Errioxako jatorri deitura. Jatorrizko eremua, eskualdea edota herria, baina, askoz modu apalagoan ageri ohi zen, Errioxako ardoa zela zioten etiketak eta hizkiak baino tamaina txikiagoan. Arabako Errioxako hainbat upeltegik hori aldatu nahi zuten, baina Errioxako sor markaren kontseiluak ez zien halakorik onartzen. Horrexegatik ekin zioten berezkoa, Arabako mahastiak izenekoa, sortzeari. Orain, ordea, Errioxa jatorri deituraren kontseiluak zenbait aldaketa onartu ditu. Hala, tamaina bereko hizkiekin adierazi ahal izango dute bai Errioxako, bai Arabako Errioxako jatorria. Hartara, ardoaren jatorria modu zehatzago eta argiagoan azaldu ahal izango da. Neurri berriak ikusita, Arabako Errioxako upategiek bertan behera utziko dute, behin-behinean, berezko sor marka sortzearen aldeko prozesua. Halere, neurriak ez badira egoki ezartzen, prozesuari berriro ekingo diotela jakinarazi dute.