Teknologia

koniEuskal emotikonoak sortu dituzte aplikazio batean

Hain ohiko, ezagun eta erabiliak diren emotikonoek badute euskal aldaera. EuskalEmoji izeneko aplikazioak, uztailean aurkeztu zenak, 60 emotikono baino gehiago biltzen ditu, eta berehalako mezularitza aplikazioetan (WhatsApp, Telegram...) nahiz sare sozialetan erabil daitezke. Doakoa da aplikazioa, eta Android eta iOS plataformetan eskura daiteke. Sei gaitan sailkatu dituzte emotikonoak: emakumezko eta gizonezko pertsonaiak; futbol taldeak; jaiak; gastronomia; sinbolo tradizionalak; eta ohiko adierazpenak. Bilboko lau gaztek garatu dute aplikazioa, Tellmewow enpresarekin elkarlanean. Oraingoz 60 emotikono pasatxo baditu ere, etorkizunean gehiago sortzeko asmoa dute sortzaileek. Horretarako, erabiltzaileek sare sozialetan egindako proposamenak hartuko dituzte kontuan. Proposamenok nolakoak izango diren ez dakigu, baina udan martxan jarri zutenetik kritikak ere izan dituzte, emotikono gehienak folklorekeria hutsa direlakoan.