Soziolinguistika

mintzaEuskararen erabilerak behera egin du kalean azken hamarkadan

Soziolinguistika Klusterrak Hizkuntzaren Erabileraren VII. Kale Neurketaren emaitzak uztailaren hasieran ezagutarazi bazituen ere, matrikulazio kanpaina hasita den honetan komeni da atzera ere gogora ekartzea. Ikerketak jaso duenez, euskararen erabilera Euskal Herriko kaleetan % 12,6koa da. Hau da, aurreko neurketan (2011koa) sumatutako apaltzeari eutsi dio. 1989an neurketak egiten hasi zirenetik 2006ra arte, erabilerak gora egin zuen, % 13,7koa izatera iritsi arte. 2011n, ordea, % 13,2koa izan zen; eta 2016an, berriz ere zertxobait egin du behera. Lurraldeen arabera, joera ezberdinak sumatu dituzte: Bizkaian (% 8,8), Gipuzkoan (% 31,1) eta Ipar Euskal Herrian (% 5,3) txikiagotu egin da; eta Araban (% 4,6) eta Nafarroan (% 6,7) hazi. Hiriburuek ere lurraldeen joera bertsua erakutsi dute: Donostian eta Bilbon behera, Baionan gaztelaniaren pareko erabilera, eta Gasteizen gora. Iruñeko kasuan, 1997tik bere horretan mantendu da erabilera maila. Datu eta joera gehiago ere antzeman ditu neurketak. Esaterako, hiztunak zenbat eta gazteago izan, orduan eta gehiago erabiltzen dutela euskara, edota emakumezkoek gizonezkoek baino gehiago erabiltzen dutela. Gainera, herri euskaldunenetan apaldu egin da: euskaldunak biztanleriaren % 50 baino gutxiago diren herrietan, mantendu egin da;  euskaldunak herritarren % 50 baino gehiago direnetan, berriz, txikiagotu. Datu esanguratsuak guztiak ere, ongi aztertzekoak eta kontuan hartu beharrekoak. Esan bezala, 1989tik egiten da Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketa, kalean entzundako elkarrizketa informalak behatuz hizkuntzen presentzia kuantifikatzeko. Zazpigarrena da honakoa, eta Euskal Herriko 144 udalerritako kaleetan jasotako datuak bildu ditu. Orotara, 187.635 elkarrizketaren eta 515.260 solaskideren informazioa bildu du.