Kilometroak

lekaixokaAuzolana aldarri, Oñatin ‘Lekaixoka!’

Oñatiko Txantxiku Ikastolak antolatuta, irailaren 24an egingo dute 2017ko Kilometroak, Gipuzkoako Ikastolen aldeko jaia. Lekaixoka! leloa izango du ardatz, auzolanaren balioa aldarrikatzeko xedez. “Lekaio” hitzak (oñatiarrez, lekaixua) oihua, txilioa, irrintzia, deiadarra esan nahi du. Aspaldiko euskaldunek elkarri abisuak egiteko erabiltzen zuten, baita arazoak jakinarazteko edota urrun zeudenei hurbiltasuna adierazteko ere. Hitzaren oinarrian auzolanaren ideia egonik, auzolanaren garrantzia nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek: “Auzolanetik sortu izan garelako eta sortzen garelako, Txantxiku Ikastola bera ere orain dela 50 urte auzolanetik sortu eta hazi delako; horregatik, auzolana da Kilometroak jaiaren oinarria”. Hala, aurtengo helburuen artean izango da auzolana “balio baikor bezala” sustatzea, beste zenbait xederekin batera. Esaterako, ikastolen izaera irekia bultzatzea edota parekidetasunaren eta aniztasunaren garrantzia nabarmentzea. Helburu horiek guztiak agerian ipiniko ditu 2017ko Kilometroak jaiak, lau gunez osatutako bost bat kilometroko ibilbidean barrena. Lau gunetan, ohi den moduan, egun osoko egitarau zabala izango da. Ekitaldiz jositako egitarau zehatza ikusteko zein jaiaren gaineko berri gehiago jasotzeko, www.kilometroak.eus webgunera jo daiteke.