Gizartea

garonaAgur betiko Garoñako zentral nuklearrari

Garoña ez da berriz martxan izango. Espainiako Gobernuak zentral nuklearra ustiatzeko baimena ukatu dio Nuclenorri, zentral nuklearraren jabe den enpresari. Hala, Garoña berriz zabaltzeko aukerak erabat zapuztuta geratu dira. Ez da ahaztu behar duela lau urte eta erditik hona argindarra ekoizteari utzi ziola Garoñako zentral zaharkituak, baina hura berriz martxan jartzeko mugimenduak ere izan dira ordutik. Erabakia hartzeko arrazoiei dagokienez, presio politikoa aipatu du Espainiako Gobernuko Energia eta Turismo ministro Alvaro Nadalek (PP izan ezik, gainontzeko alderdiak Garoña ixtearen alde zeuden). Horrez gain, Nuclenor osatzen duten bi bazkideen arteko tirabirak ere aintzat hartu ei dituzte: Endesak ekoizten jarraitu nahi zuen, baina Iberdrolak ez. Gainera, baimena eskuratuta ere, hainbat hobekuntza lan egin beharko zituzten Garoñan, zeinak gutxienez bi urte iraungo zuten, eta epe horretan zentralaren aurkako araudia onar zitekeela aipatu zuen ministroak. Arrazoi horiek tarteko, betiko itxiko dute Garoña. Hori bai, gutxienez 20 bat urte beharko dituzte zentrala desmuntatzeko. Garoña ixteko eskaria oso zabaldua egon da, urte luzez, Euskal Herrian, eta bereziki Araban. Gizartearen zati handi baten aldarrikapena izan da, eta elkarte, eragile eta alderdi politiko ugarik eskatu izan dute aspalditik. Horrenbestez, Espainiako Gobernuak abuztuaren hasieran zentrala itxi egingo dela jakinarazi zuenean, poz eta zorion adierazpenak ugariak izan ziren.