Hizkuntza eskubideak

osakidetzaOsasun arretan, lehenetsi euskara!

Badira zenbait hil Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Osakidetzak Lagundu egiguzu hobetzen: aukeratu zure hizkuntza! izeneko kanpaina abian jarri zutenetik. Euskal Osasun Zerbitzu Publikoaren erabiltzaileek osasun arretan erabili nahi duten lehentasunezko hizkuntza jasota uzteko aukera dutela eta, aukera hori gogoratzeko xedea du kanpainak. Izan ere, erabiltzaileen hizkuntz hautua errespetatzeko konpromisoa du Osakidetzak, osasun zerbitzuko prestazio guztiak “Euskadiko bi hizkuntza ofizialetan eskaini ahal izatea” helburu. Hots, euskaraz zein gaztelaniaz. Jakina, ohi denez, gabeziak handiagoak dira osasun arreta euskaraz emateko garaian. Haatik, eta Osakidetzaren Euskararen Erabilera Normalizatzeko II. Planaren baitan euskarazko arreta eta zerbitzuak areagotzea izanik jomugan, erabiltzaileen lehentasunezko hizkuntza zehaztea garrantzitsua da, euskalduntze lanean sakondu ahal izateko. Lehentasunezko hizkuntza aukeratzeko, hiru bide daude: norbere osasun zentrora hurbiltzea; osasun zentroan erizainari edo medikuari adierazita kontsulta batean; edo Osakidetzaren webgunean Osasun Karpeta deritzon atalean sartuta. Kanpaina urte hasieran hasi arren, oraindik ere zabalik dago. Beraz, Osakidetzan euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatuak egon daitezen, komenigarria da euskara lehenestea eta hala jakinaraztea, Osakidetzaren beraren euskalduntzeari ere bultzada emateko.