Mexikotik Forura euskara ikastera

omarOmar Patricio Juarez Alvarez ikasle mexikarrak 15 eguneko barnetegia egin zuen uztailaren lehen hamabostaldian, zozketa bati esker. Juarez euskara ikasten ari da, Mexikoko UNAM unibertsitatean, eta aurtengo udaberrian parte hartu zuen, ikaskideekin batera, 20. Korrikak eta Etxepare Institutuak antolatu zuten lehiaketan. Mundu osoko euskara ikasleek bidali zituzten euskararen aldeko aldarriak bideo formatuan, baina mexikarrena izan zen irabazlea. Saria? Egonaldia AEKren barnetegi batean, euskararen ikaskuntzan sakontzeko eta euskal ohiturak ezagutzeko. Mexikarren artean zozketa eginda, Juarezi egokitu zitzaion aukera eta, euskara ikasteaz gain, bere familiaren euskal sustraiak bilatzeko probestu zuen egonaldia.