Jairik jai ibiltzea jendeak uste baino gogorragoa da

djbullDJ Bull, musika jartzailea

Euskal Herriko bazter ugari ipintzen ditu dantzan Jon Gotzon Gurrutxaga Ugalde (Reus, 1974) Dj Bull-ek (“De Jota”, ez disc jockey). Andoaingo Zine eta Bideo Eskolan egin zituen ikasketak, eta urte askoan ETBn egin zuen lan, teknikari laguntzaile. Katalunian jaioa, 11 urte zituenetik Iruran bizi da, eta 2001etik musika jartzaile lana du ogibide bakar. Lagun kuadrilla batek ipini zion Bull ezizena AEK Egun batean, Night Court telebista saioko Bull Shannon aguazilaren antza duela eta. Berak prestatu ohi du Korrikako furgonetetako musika, eta Korrika martxan denean ia beti egiten du saioren bat furgonetatik.

Inork deitzen al dizu Jon?
Orain, justu-justu amak. Ilobek ere ez! Gainera, norbaitek Jon deitzen baldin badit, zerbait serioa delako izaten da. Bestela, denek Bull.
Parrandazale handia izatetik datorkizu musika jartzaile jarduna.
Bai. Pentsa, orduan, zenbat sufritzen dudan musika jartzean, jendea parrandan ikusita! Zale handia naiz, gainera.
Jairik jai ibiltzea gogorra izango da.
Jendeak uste duena baino gogorragoa. Askotan esan izan didate ongi pasatzen dudala. Saiatzen naiz ongi pasatzen, zeren, azkenean, nik ongi pasatzen baldin badut, jendeak ere ongi pasako baitu. Gustura ez baldin banago, gerta liteke jendea gustura ez egotea. Beraz, komeni da nik ongi pasatzea. Horrez gain, ordu asko dira, jendea ere leku bakoitzean desberdina da... eta, oro har, nahiko gogaikarria gauez. Jendea jasan egin behar da! Horregatik, nekea ez da fisikoa bakarrik, psikikoa ere bada.
Jendea, gogaikarria?
Tira, jendearen gogaikarri izate hori behar duzu, zein motatako jendea dagoen ikusteko. Baina batzuetan astuna izaten da, eta, normalean, beti izaten dira berdintsuak. Batzuk agiria dute dagoeneko!
Eskuan basoa edukita burua mugitzea kirol nazionala dugula esan izan duzu.
Bai, eta beste eskua poltsikoan. Edalontzirik gabe baldin badaude, bi eskuak poltsikoan! Euskaldunak horrela dantzatzen du.
Jendea dantzan jartzeko, psikologo lanak egin behar al dira?
Ez. Badira dantzatzen dutenak eta ez dutenak dantzatzen. Dantzatzen ez dutenek dantzatzea ez duzu lortuko ezta palarekin jota ere! Dantzatzen duten lekuetan musika jartzea gozamena da: azkenean, lan erdia baino gehiago eginda duzu. Adibidez, plaza bat esatearren, Amorotokoa. Ikusgarria da. Bi urtean izan naiz segidan, eta lehenengoan txundituta utzi ninduten: plaza osoa dantzan!
Musika jartzen hasi zinenetik gaur egunera, aldaketarik sumatu al duzu?
Bada, bai. Adibidez, reggaeton-a gero eta leku gehiago hartzen ari da, tamalez. Azkenean, dantza oso gogoraerrazak dira, eta jendeak hitzei ez die asko erreparatzen. Baina hori eskatzen dute leku guztietan. Aurten gertatu zait ikastola batean umeen eskaera guztiak reggaeton-a izatea, umeenak! Gainera, ikastoletako jolastokietan letra guztiak dakizkite! Nik arazotzat jotzen dut, baina tira, agian gauza pertsonala izango da...
Dultzaina jotzen duzu oraindik.
Bai, ahal dudan guztietan. Autoan, beti daramat nirekin; nire laguna da. Giroa ikusten baldin badut, atera eta jo egiten dut.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Musikak.
Eta tristatu? Nekeak.
Zerk eragiten dizu barrea? Bizitzak.
Eta negarra? Batzuen jarrerak.
Zerk haserrearazten zaitu? Espainiak sortarazten duen egoerak.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Suhiltzailea.
Eta orain zer ez duzu izan nahi? Suhiltzailea, kar-kar!
Bizio bat: Musika.
DJ bat: Selektah Stepi.
Musika talde bat: Manu Chao.
Dantzarako abesti bat: Sarri, Sarri.
Parrandazaleak etxera bidaltzeko... John Zaharra, Mikel Markezena. Askotan jartzen dut saioak bukatzeko.
Eñaut Mitxelena