Umerik gabeko ostatuak: bai ala ez?

ikamika

Uda aurretik, umeekin zen bikote bati alde egiteko gonbita egin ziotela eta, sare sozialetan hautsak harrotu zituen Donostiako jatetxe batean jazotakoak. Hoteletan eta antzeko ostatuetan, gero eta handiagoa da umerik gabeko eskaintza. Aldekoek diote eskaintza zehatza dela: bikoteentzat, atseden bila dabiltzanentzat... Kontrakoek, aldiz, diskriminatzailea dela. Zer iruditzen zaizue umerik gabeko ostatuak egotea?

1. Bego
Bi seme eduki arren, oso ondo iruditzen zait. Aukera bat da, eta noizean behin arazorik gabe joango nintzateke. Zergatik ez? 
2. Txus
Umerik gabeko ostatuen alde nago, baina arautu egin behar dira, eta arauketa ezin da aberatsen esku utzi.                
3. Leyre
Ondo, ostatu asko daude seme-alabak dauzkaten familientzat; hauek, aldiz, oporretan atsedena hartu nahi dutenentzat dira. Aukera guztiak errespetatu behar ditugu.   
4. Esti
Eskaintza oso zabala da, denetarik eta guztiontzat. Umerik gabe ateratzen banaiz, agian leku lasai batera joan nahi dut, eta ez ditut beste umeak jasan nahi.
5. Nerea
Orain dena da negozioa, eta ostatu hauek lasaitasuna saltzen dute, beraz, umeak ez hartzera behartuta daude. Seme-alaba txikiak izan arren, aukera izan bezain laster halako ostatu batera joango naiz, zalantza barik.
6. Silvia
Ondo, oporretarako beste aukera bat dira. Denok dakigu ez dela gauza bera hotel bat umeekin edo umerik gabe. Ondo iruditzen zait bakoitzak nahi duena aukeratzea.
7. Kristina
Badirudi leku guztietara eraman behar ditugula umeak, eta leku guztiak direla aproposak,  baina ez da hala. Beste gauza bat da gure aisialdia edukitzeko umeak baztertzea.      
8. Nevyana
Diskriminatzailea da, umeek ere eskubidea dute atseden hartu eta gurasoekin egoteko. Edozein pertsonari edo animaliari sarrera debekatzea oso itsusia da. Askotan, helduek umeek baino zarata handiagoa egiten dute.
9. Ainhoa
Oso ondo iruditzen zait, nahiz eta alaba bat eduki. Errespetatu behar dugu aisialdian umeekin egon nahi ez duen jendea. Ez da diskriminazioa, leku asko daude aukeran.   
10. Monika
Orain 3 seme-alaba ditut, baina umerik izango ez banu, joango nintzateke, zaratak eta negarrak ez jasateko. Gainera, gurasoek diote umeen jokaera normala dela..
11. Iratxe
Frogatuta dago gero eta umerik gabeko leku gehiago dagoela, ez dakit zergatik, modagatik ala beharragatik. Geuk aukera dezakegu sartu ala ez.
12. Ceci
Bi seme-alaba dauzkat, eta haiekin ez nagoenean, ondoan ez dut nahi beste haurrik oihuka. Asko maite ditut, baina batzuetan lasaitasuna behar dut. Ez da diskriminazioa; familia barnetegira, adibidez, ezin zara umerik barik etorri, gauza bera da.