“Bizitza eman dit euskarak”

leo

AEK Jendea:

Euskaldun batekin maitemindu nintzen, eta, bide batez, euskararekin eta Euskal Herriarekin”. Leo Turiño Aguila (Trinidad, Kuba, 1982) duela bost urte iritsi zen Igorrera, eta, Kubulu AEK euskaltegian izena eman ostean, hiru urteren buruan EGA titulua zuen besapean. Laugarrenean, irakasle aritu zen euskaltegi berean. Egun  Iruñean bizi da, bidaia agentzia ingeles batean egiten du lan, baina atxikimendu bera erakusten dio euskarari, euskaraz bizitzeko asmoari tinko eutsita. “Barruan sentitzen dut euskara” dio beste milaka lagunen antzera bere burua euskaratzeko ahalegin sendoa egin duen Turiñok. AEK izan du bidelagun, eta bidelagun izan du AEK-k. Hots, AEK Jendea dugu Turiño.

Euskal Herrira etorri aurretik ezagutzen al zenituen euskara eta Euskal Herria?
Bai. Nire familiak bazuen lagun euskaldun bat, eta banuen Euskal Herriaren eta euskararen berri. Banekien, adibidez, muxua zela “beso”; agur, kaixo... horrelakoak. Baina hona etortzea erabaki nuenean, serio ikasten hasi nintzen, Kuban, gramatika liburu batekin eta hiztegiarekin.
Zergatik hasi zinen euskara ikasten?
Banekielako oso-oso garrantzitsua zela hemengo bizimodurako, ez bakarrik nire lanagatik. Oso garrantzitsua zen hemengo kulturan murgiltzeko eta, batez ere, jendearekin aritzeko eta komunikatzeko. Zentzu guztiak harrapatzeko biderik onena da jendearen hizkuntzan jardutea. Horregatik, horixe izan zen nire lehenengo pausoa: euskara ikastea.
Igorrera heldu eta AEKra jo zenuen.
Bai. Hasieran, Bakarka metodoarekin hasi nintzen, baina gehiago nahi nuen. Beraz, AEKra joan nintzen eta han aurkitu nuen aukerarik onena.
Zer topatu zenuen euskaltegian?
Familia bat. Etorri nintzenean, ez neukan lanik, ez neukan lagunik... AEKn aurkitu nuen nire familia, nire etxea. Hasieratik, etxean banengo bezala sentitu nintzen. Lagunak egin nituen, ez bakarrik ikaskideak, irakasleak ere bai, eta orain nire lagunak dira. Euskarak, nolabait, bizitza egituratu zidan, eta oso lagungarria izan zen. Izan ere, aldaketa nabaritzen da. Hemengo bizitza, euskaldunak... desberdinak dira. Euskara eta euskaltegia tresna bat izan dira hemengo bizimoduarekin bat egiteko.
Hiru urtez ikasle, eta beste urtebetez irakasle, ordezkapenak-eta egiten. Nolako esperientzia izan da AEK-koa?
Oso polita. Esan bezala, euskaltegian familia aurkitu nuen. Egia esan, ez zen hain zaila: irakasleak oso onak dira, beti daude laguntza emateko prest. Hasieratik sentitu nuen laguntasun hori; oso gertukoa da AEK-ko jendea.
Oso azkar ikasi zenuen euskara, eta EGA ere atera duzu hiru urteren buruan. Badago sekreturik?
Sekretua da gogotsu hartzea, ilusioz egitea, eta ordu askoz jardutea. Euskara ez dago soilik euskaltegietan, kalean dago, jendearekin harremanetan jartzean dago... eta horrela lortzen da ikastea, ez dago mirakulurik. Euskara ez da tituluren bat lortzeko kontu bat. Bizia da, bizitza da, bizi da. Nire ustez, AEKn horixe lortzen da: ez erabiltzea euskaltegian bakarrik. Zentzu hori sentitu dut AEKn.
Igorren bizi zinen. Eskualde euskalduna izateak ere lagunduko zizun, ezta?
Bai. Hasieran, herritarrek ez ninduten euskararekin lotzen, beraz, neu hasi nintzaien euskaraz egiten, euskalduna izan nahi nuela jakin zezaten. Poliki-poliki, lortu nuen.
Hango euskara itxia izanik, zaila izango zen.
Bai, Arratiako euskalkia itxia da, zaila. Hastapenean, ez nuen piperrik ere ulertzen. Nire euskara batuarekin, gainera, imajina ezazu! Dena den, ulertu ulertzen nien. Azterketei begira, baina, nire batua ez “kutsatzeko”, horrela aritzen nintzen beti.
Iruñea eta Igorre, bi errealitate soziolinguistiko oso ezberdin ezagutu dituzu Euskal Herrian bizi zarenetik. Nabaritu duzu aldea batetik bestera?
Bai, kalean nabaritzen da. Baina ez dut uste dena galduta dagoenik: gazteen artean euskara entzuten da eta... Helmuga hori ez dugu galdu behar, eta horretan saiatzen jarraitu behar dugu. Dena dela, egia esan, gobernuek eta erakunde ofizialek askoz gehiago egin behar dute, guztia jendearen esku utzi barik.
Ikasle izatetik irakasle izatera, nola egin zenuen urrats hori?
Oso lotsatia naiz, beraz, erronka bikoitza izan da. Ez nuen euskararekiko konpromisoa han utzi nahi. Pentsatu nuen: “Hori da nire harri koskorra”. Hala, nirekin ikasi zuen jendearekin hasi nintzen. Ikaskideak ikasle bihurtu ziren. Noski, neure buruari galdetzen nion ea zer esango nien nik haiei. Tira, nire esperientzia oinarri, nire metodoarekin, behintzat, banekien neuk zer behar izan nuen hasi nintzenean. Hortik abiatuta, nire metodoa erakutsi edo transmititu nien.
Ikaskide izan zenituenei motibazioa areagotuko zien zure kasuak...
Bai. Nire ustez, ikasketa prozesua hartu-eman prozesu bat da. Ez zara irakaslea, zure esperientziak partekatzen dituzulako, baina haiek ere badituzte haien esperientziak, eta oso baliagarriak dira guretzat ere. Bi norabideko komunikazio prozesua da.
EGA hirugarren urtean atera zenuen. Askok diote oso zaila dela. Zer esango zenieke etsitzen duten edo oso jarrera ezkorra duten horiei?
Ez ikusteko EGA azterketa bezala. EGA prozesu baten amaiera da, baina jakinduriak betiko izan behar du. Azterketari begira baino ez baduzu ikasten, azkenean sasijakinduria da. Ikasi behar da, baina geureganatzeko, barneratu eta ondoren erabiltzeko. Azken finean, horretarako ikasten dugu.
Zer eman dizu euskarak?
Nire bigarren bizitza. Aldaketa oso handia izan da, eta euskararekin familia bat aurkitu dut. Ni Arratiakoa sentitzen naiz. Batzuetan, herrimin hori sentitzen dut. Bai, oso gustura nago hemen. Hasieratik nabaritu nuen jendearen harrera aparta. Horixe eman dit euskarak: bizitza.
AEK Jendea. Aurten, zu izan zara aukeratua.
Zelako zama, eta zelako ohorea!
Zergatik zama, eta zergatik ohorea?
Ez dakit... Ardura hori sentitzen dudalako. Nire aurpegia jartzea eta nire esperientzia kontatzea... Uste dut ez dudala merezi, ez daukala meriturik: egin dut egin behar nuena. Baina, tira, niretzat ohorea da.
Beste askorentzat estimulua izan daiteke zure esperientzia.
Bai. Horixe nahi dut, jendeari erakutsi badagoela euskaraz bizitzea,  eta ezinbestekoa dela hemengo bizimodurako, hemengo kulturarako, batez ere.
Betidanik berton bizi den askori hori ez zaio burutik pasatuko ere.
Pena da. Zeren euskararekin beste mundu bat ireki zitzaidan. Hemengo bizimodua, jatorria edota sustraiak ulertzeko, ezinbestekoa da. Jendeak ez du hori nabaritzen, edo ez du aintzat hartzen. Adibidez, kantaren bat entzuten dudanean, zentzua ulertzen diot, eta horrek hunkitu egiten nau. Herri honen historiaren nolabaiteko konplizea naiz, ulertzen dudalako. Tira, agian ni oso erromantikoa naiz... kar-kar! Ez dakit. Nik beti hitz egiten dut amodiotik. Hemengo herriaren historia latza izan da, baina historia horri amodioz aurre egin behar diogu. Hizkuntza da amodioa, komunikazioa, eta hori da gure artean aritzeko edo harremanetan jartzeko tresnarik onena.