Binilozko samurtasuna

panpin

Ez da hala-nolako artista. Marijose Etxeberria Fernadezen artelanek ahoa bete hortz uzten dituzte ikusleak. Izan ere, errealismoarekin eta fikzioarekin jolasten duten panpinak sortzen ditu Arroizko (Estellerria) lantegian, eta haren obrek munduan barrena bidaiatu dute: Reborn panpina errealistak sortzen ditu. Arkaitz Almortza.

Kondairek diote gaueko hamabiak iristen direnean, panpinak esnatu egiten direla, etxeko txikienak lo dauden bitartean. Arroitzen, ordea, egunez esnatzen dira, Marijose Etxeberria Fernandezek bere artelanak amaitzen dituenean. Ipuinek eta errealitateak bat egin dute haren etxean duen lantegian. Reborn (berriro jaio) panpinak sortzen ditu, silikonazko eta binilozko haur errealistak.
Euskal Herrian, aitzindaria izan da Etxeberria; estatuan ere, hark ireki zizkion ateak arte mota berezi honi. Sustraiak, baina, Alemanian dituzte Reborn haurrek. Antza, Bigarren Mundu Gerran herritarrek gordelekuetan orduak ematen zituztenean, ama errefuxiatuak beren alaben panpinei bestelako itxura emateko helburuarekin hasi ziren sortzen panpina mota hauek. Gerora, 90eko hamarraldian, AEBetara hedatu ziren. 
Artista nafarra duela 12 urte hasi zen panpina berezi hauek sortzen. AIZU! hilabetekariari azaldu dionez, bere alabek aldizkari batean izan zuten mundu honen berri. Ez zuten zalantzarik izan. Jakin bazekiten ama eskulanetarako trebea zela eta, horregatik, lehenengo panpina oparitu zioten. “Txundituta geratu nintzen Reborn haur bat lehenengoz ikusi nuenean” dio, esku artean duen panpinari azken ukituak ematen ari zaion bitartean. “Alabek bultzatu ninduten halako panpinak egitera”. Erronkari gogotsu heldu zion.
Hastapenak, baina, ez ziren batere samurrak izan Etxeberriarentzat. Panpinak sortzeko, ez zuen inolako jarraibiderik izan, eta hamaika proba egin behar izan zituen benetako haur baten irudia lortzeko. Dena den, esaerari jarraiki, gaurko izerdia biharko ogia bilakatu zitzaion. “Hasieran, etsigarria izan zen. Galera oso handia zen, eta etekina, berriz, oso txikia. Uztekotan egon nintzen, baina alabek aurrera egiteko eskatu zidaten; haiei esker iritsi naiz honaino” dio irribarretsu.
Ilusioa sortzen
Ipuinetako jostailu lantegi magiko baten antzekoa da Marijose Etxeberriak etxean duena. Izaera berezia du, oso koloretsua. Mahaiaren albo batean, hainbat tamainatako pintzelak ditu, panpinen gorputz ataletan dantzatzeko prest. Materiala atzerritik ekartzen du. Haurren burua, besoak eta oinak, adibidez, AEBetan erosten ditu; “bizia duten begiak”, berriz, Alemanian; eta buruko ilerako, Australiako Mohair ahuntzarena erabiltzen du. “Gaur egun, kalitate goreneko materiala erabiltzen dut; horretarako, mundu mailako lantegiek eskaintzen dituzten produktuak aztertu eta bilatu nituen” azaldu digu.
Azken obrarekin dabil buru-belarri lanean, prozesuaren gaineko azalpenak eman bitartean. Lehenengo pausoa da binilozko edo silikonazko gorputz atalak zortzi minutuz labean sartzea, azalak kolore berezia har dezan.
Ondoren, Genesis izeneko pinturekin margotzen ditu panpinak, eta berniz berezi bat eransten die gero. “Buruko ileak banan-banan sartu behar dira, horrek eskatzen du denbora gehien”. Gorputz enborra, ostera, oihalezkoa izaten da, eta barruan kotoia eta silize lurra daramatza. "Benetako haur bat ikusi behar duzu amaieran; badakizu panpina dela, baina zail egin behar zaizu hala ikustea”. Artelan bakoitzarekin 20-25 egun eman ditzake.
Esku artean duen Eva panpina gainerakoekin batera utzi du etxean jarri duen erakusketa aretoan. Isiltasuna da nagusi gelan. Hamaika haur mota daude lo, etxe berrietara noiz iritsiko zain: jaioberriak, 18 hilabetekoak, goiztiarrak, fantasiazko pertsonaiak... “Ez dituzu inoiz bi panpina berdin ikusiko. Haur bakoitza bakarra eta errepikaezina da; horrek egiten ditu berezi” azpimarratu du. Soinean daramaten arropa ere berria da, benetako haurrek janzten dutena erabiltzen dute.
Gogoan du lehenengo panpina saldu zuenean. “Ezin nuen sinetsi, oso une berezia izan zen; egunetako lanak eman zituen bere fruituak”. Reborn panpinak ez dira merkeak, bakoitza 600 eurotik gora saltzen da. “Materiala bera ez da merkea. Gorputz atalak AEBetatik ekartzen ditut, hango artista batzuei erosten dizkiet, eta sorta bakoitzetik 15 ale inguru egon daitezke munduan. Ondoren, nik neuk urteetan garatu dudan estiloa ematen diet, margo, arropa… ezberdinak erabiliz; obra amaitzerako, dirutza dago inbertitua”. Lan bakoitzak bere kalitate ziurtagiria du.        
Arroiztik mundura
Argi berezia dute Marijose Etxeberriaren begiek. Samurtasuna da nagusi haren izaeran, eta hori ongi islatzen da bere obretan. Maitasunez eta ilusioz janzten du panpina bakoitza. Arroizko artista ezaguna da nazioartean, eta haren artelanak munduko hainbat eta hainbat toki edo bazterretatik erosi dituzte, hala nola, Ingalaterran, Txinan, Belgikan edota Argentinan. Panpina bakoitza amaitu bezain pronto saltzen du.
Reborn panpinak erosten dituztenak bildumazaleak dira gehienbat. Egia da kasu bereziak badaudela, esaterako, seme-alabak izateko arazoak dituztenak hutsune hori binilozko haurrekin betetzen saiatzen dira. Prentsak, maiz, alderdi hori nabarmendu izan du, morboa bilatu nahian, artelanaren garrantzia zokoratuta. “Nire bezeroek arte mota hau maite dute, alegia, haurren atzean benetako artelanak ikusten dituzte”. 
Errealismoak eta fikzioak bat egiten dute haur bakoitzarengan. Etxeberriak azaldu bezala, bisitariek Reborn panpina bat hartzen duten bakoitzean, benetako haur bat hartzen ari direla dirudi. “Oso sentsazio berezia sortzen da, eta jaioberriek transmititzen dituzten barne bakea, zoriontasuna eta samurtasuna gailentzen dira”.  Horregatik, urtero, panpina bat ematen dio elkarte bati. “Adinekoentzat terapeutikoak izaten dira, baita arazoak dituzten haurrentzat ere. Adituen arabera, autismoa, garuneko paralisia… duten haurren tratamenduan, panpinarik gabe hilabetean aurreratzen dutena panpinarekin astebetean aurreratzen dute”.
Ospe handia lortu dute Etxeberriaren obrek. Euskal Herriko nahiz atzerriko hainbat azoka eta erakusketa aretotan egon da, eta ikusleak beti uzten ditu zeharo harrituta. Logroñon, esaterako, erakusketa aretoa gainezka egon zen panpinak ikusgai egon ziren bitartean. Telebistara ere egin dute salto Etxeberriaren lanek, eta hainbat programa eta telesailetako izarrak bilakatu dira. 2015ean, adibidez, Tele 5ko Gran Hermano saio ospetsuko partaide batek Arroizko panpina bat sartu zuen lehiaketako etxera. Antza, gainerako partaideei sinestarazi behar zien benetako umea zela.  
Hamabi urte hauetan, hamaika panpina sortu ditu, eta inoiz baino gogotsuago dihardu hastapenetako erronkari eusten. Nazioartean jada jaso du aitorpena, baina jendea bere lanak ikustera gerturatzea atsegin du bereziki, ikastoletako haurrak eta helduak, kasu. Banan-banan begiratzen die lo dauden haurrei, pelutxea erori zaionari ondoan jartzen dio berriz. Harro dago urte hauetan lortutakoarekin, eta aurrerantzean ere erronka berriei aurre egiten jarraituko du, binilozko eta silikonazko ilusioz eta poztasunez, mundu zabaleko etxeak hamaika kolorez margotzeko.