Biba!, kultura eskaini eta aztertu

biba

Bilboko Erronda kalearen hasieran dago taberna luzea. Sartu, eta barra ezkerretara. Lokalaren barren-barrenean, agertoki txiki bat, ez oso altua. Barrari eta agertokiari begira, hainbat mahai eta aulki. Taberna arrunta dirudi, baina ez da halakoa. Biba! kultur gunea da. M. Egimendi. Argazkiak: Txeng Meng.

Duela bi urte hasi zen bueltaka, hainbat lagunen artean, herri ekimeneko kultur proiektu bat euskaraz sortzeko ideia, Bilbon eragiteko. Batetik, kulturaren erradiografia egin nahi zuten Bilboko auzo guztietan, eta, bestetik, urtean behin sikiera kultur ekarpenen bat eskaini. Astiro-astiro, proiektua gauzatuz joan zen, eta, pasa den urteko urrian, kultur eskaintza zabala egiteko moduko gunea ireki zuten: Biba!
Aurreneko ikasturteko behin-behineko balantzea eginda, herri ekimena dela argi utzi nahi izan digu Biba!ko kide Lutxo Egiak, kobratu, tabernako langileek bakarrik kobratzen dutelako; beraz, orain arte egindako guztiak “lorpentzat” hartzen dituzte. Oso pozik daude programazioari dagokionez, formatu txikiko 65 ekitaldi eskaini dituztelako zortzi hilabetean: “Giro berezia sortu da, ikusleek eta artistek lasai asko parteka dezaketelako lekua, trago bat hartzen duten bitartean”.
Sortzaileek ondo hartu dute proposamena, printzipioz ia edozeinek baitauka tokia Biba!n. Batzuek euren burua eskaini dutela aitortu du Egiak, “aretoa ezagutu barik”. Kobratu nahi izan ez duten artistak ere badira, badakitelako Biba! herri ekimeneko proiektua dela eta ez dela sarrerarik kobratzen (mahai gainean dute horri buruzko eztabaida, baita bazkideen ingurukoa ere). Finantzaketari dagokionez, hortaz, tabernatik ateratzen dena da diru iturri bakarra. Alabaina, proiektua martxan jartzeko ere herri ekimena izan zen oinarri, eta hainbat lagunek ipini zuten itzuli beharrik gabeko dirua.
Sortzaileekin batera, “laborategia” jarri nahi dute martxan hurrengo urtean. Dagoeneko jaso dute Bilboko 15 sortzaileren konpromisoa (musikariak, antzerkilariak, magoak, marrazkilariak eta bertsolariak daude taldean). Asko hitz egin dute sortzaileen arteko kolaborazioaz eta elkar ezagutzeaz, baita Biba!tik bertatik kanpo hainbat gauza antolatzeaz ere, tabernan ez baitago tokirik ez artistak elkartzeko, ez entseguak egiteko. Transilvania izena jarri diote ekimenari, eta artistak elkarrekin ariko dira sormen lanean. Batzuek ez zuten elkar ezagutzen, baina denak dira Bilbokoak, euskaldunak eta ibilbide luzekoak: “Sortzaile asko batu nahi ditugu, eta jende gaztea erakarri, Transilvania oso zabala egiteko. Sorkuntza beka berezia ere antolatu nahi dugu” dio Egiak, etorkizunari begira.
Sortzaileek ez ezik, publikoak ere ondo hartu du Biba! kultur gunea. Denetariko jendea bildu arren, ikuskizunaren arabera, ireki zutenetik igarotako 10 hilabetean profil zehatz bat nabarmendu omen da: “Ikusi dugu, eta hori ez da hemen bakarrik gertatzen, publikoaren zati bat badela gaztea, emakumea, euskalduna eta feminista, kulturan oso interesatua”. 
Kulturaren erradiografia martxan
Biba!k jorratuko dituen lan lerroen artean, ikerkuntzari “berebiziko garrantzia” eman dio eta, Bilboko auzo guztietako kultur erradiografia egiteko, Ipes elkartearekin batera ekin dio lanari. Une honetan, ikerketa soziologikoa egiten dihardute, auzoetan osatutako kolaboratzaile sareekin lankidetzan. Ipeseko partaide eta egitasmoaren dinamizatzaile Ruben Nietok dioenez, “urteetako kontua” izango da, ez diotelako inolako enpresari enkargatu eta parte-hartzailea izango delako, kulturaren arloan mugitzen diren boluntarioekin egina. “Ekintza erraldoia” dela aitortu du Nietok, “Bilbo eta kultura hitzen atzean ezkutatzen den errealitatea ezagutu nahi dugulako. Aztertu, ikertu, arakatu, ezagutu… Erronka erraldoia da, eta maitagarria”.
Ikerkuntza solidarioa eta informatzailea egin nahi dute, “urtetik urtera Bilboko egoera kulturala zein den adierazi, eta euskal kulturaren osasuna argituko diguna”. Ibilbide horretan, Biba!ren eta Ipesen artean osatutako lantaldeak aterako du aurrera erronka: “Hasteko, lantalde honen eginkizuna izango da, kultura arloan eta auzorik auzo, Bilboko erradiografia orokorra egitea, ahalik eta errealistena. Kultur eragileak identifikatu eta aztertuko ditugu horretarako, baita esparru publikoen, pribatuen eta legeak arautu gabekoen kokapena ere, aukerak eta mugak adierazita. Bide batez, auzoko taldeen agenda kulturala eta tokikoa ere sortu nahi dugu” dio Nietok.
Kulturak Bilbon bizi duen egoeraz jabetzeko, aldez aurretik egindako azterketak, kultur gremio guztiekin izandako harremanak edo beste zenbait ikerketa lan “oso lagungarriak” izango direla azaldu du Nietok: “Etengabeko diagnostikoak aukera emango digu ezagutzeko, bertatik bertara, zein alde on eta txar bizitzen ari den euskal kultura Bilbon, eta bertan bizikide diren hainbat kultura ere kontuan hartuko ditugu. Bidenabar, sortzaile orok gainditu beharreko oztopoak ezagutu nahi ditugu, konponbideak eta aukerak bilatzeko”. Horrez gain, “egungo kultur errealitatearen gaineko diskurtso kritiko berritua eraikitzeko argudioak” ere bildu nahi dituzte. Hasi aurretik, kulturaren inguruko ezagutza duten hainbat pertsonarekin kontrastatu dute lan ildoa. Hala, EHUko zenbait irakasleren ekarpenak jaso dituzte, eta Bilbon kulturari buruz diren hausnarketen bilduma antolatzen hasi dira. Bi dira ikerketa lerro honen ezaugarri nagusiak: “Batetik, kulturan jarduten duten protagonistek egingo dutela ikerketa. Bestetik, ikerketa parte-hartzailea dela, ahalik eta ekarpen eta iritzi gehien biltzea xede”. Dagoeneko hasiak dira lehen urratsak egiten, maiatzean eta ekainean San Frantzisko auzoko kultur eragileak, guneak eta sortzaileak identifikatzen ibili baitziren.
Datorren ikasturtean, auzo gehiagotan jarraituko dute lanean, “ikerketa bukatzen dugunean auzoetako kultur errealitateen argazki gaurkotua edukitzeko”. Gainera, auzoez harago, Bilbo inguruko eztabaidari ere bide emango diote: “Oraindik ez dugu zehaztu, baina eztabaida publiko bat hasi nahi dugu, mahai-inguru eta solasaldi irekien bidez”. Horrez gain, udako atsedenaldia igarotakoan, prest izango dira kultur guneko agenda berriro dantzan jartzeko. Mugimendua eragin du Biba!k Bilboko Erronda kalean, eta orain kultura arnasten da bertan.