“Artistok ez gara beste mundu batekoak”

elkarrizketa

Sra. Polaroiska

Alaitz Arenzana (Bilbao, 1976) EHUn lizentziatu zen Ikus-entzunezko Komunikazioan. Maria Ibarretxe (Bilbao, 1977) Bizkaiko Antzerki Ikastegian eta Basauriko Antzerki eskolan diplomatu zen Arte Dramatikoan. AIZU!k, ordea, Sra. Polaroiskari egin dio elkarrizketa, ez Alaitzi eta Mariari. Sormen lanean bezala, artista biek bat egiten dute erantzutean: bata hasi, besteak bukatu. M. Egimendi. Argazkiak: Mikel Martinez de Trespuentes.

Alaitz eta Maria nola bihurtu ziren Sra. Polaroiska?
1993an ezagutu genuen elkar. Goi mailako ikasketak hastean, elkarrekin gauzak egiten hasi ginen, bakoitzak ikasitakoa partekatuta. Ikasketak bukatuta, legez elkartzeko beharra ikusi genuen, ordurako hainbat lan egiten genuelako batera, baita beste lankide batzuekin ere. Batetik, diru laguntzak eskatzeko behar genuen; bestetik, ez genuen bi lagun izan nahi, bakoitza bere izenarekin. Kolektibo izaera hartu nahi genuen. Sra. Polaroiska bioi gustatzen eta interesatzen zaizkigun gauzen nahasketa da, elkarrekin sortzen duguna. Lagunak ginen sortzen hasi aurretik eta, urteak pasatu arren, lagunak izaten jarraitzen dugu, kar-kar! Jolasean bezala hasi ginen ikertzen, esperimentatzen, eszenaratzeak sortzen, mozorrotzen, geure burua grabatzen...
Zuen sormen lanaz gain, enkarguzkoak ere egiten dituzue. Denetarik egin behar da arte munduan bizirauteko?
Maria:
Ez dakit, baina guk enkarguzko lanak ere egin ditugu, gure ibilbidearen parte dira. Izan ere, zerbait eskatzen badigute, Sra. Polaroiskaren zigiluagatik izango da, ezagutzen gaituztelako.
Alaitz:
Gainera, enkarguzko lanek ikasteko ere balio dute. Halere, beti egiten ditugu interesatzen zaizkigun gauzak, gure nortasunarekin bat datozenak. Hori bai, gure sormen lanen bestelakoak dira, haietan erabat askeak garelako. Enkarguzko lanetan, zenbait baldintza bete behar izaten dira, eta batzuetan sortutako gauzak edo ideiak alde batera utzi behar izaten dira. Dena den, hori ere ez dago txarto, gertatu izan zaigulako baztertutakotik abiatuta beste lan bat sortzea. Konbinazio ona da.
Zaila omen da egiten duzuenetik bizitzea, baina badirudi zuek lortu duzuela...
B
izirautea lortu dugu, hortxe-hortxe gabiltza, erresistentzian. Enkarguak behar ditugu egoera orekatzeko eta bizirauteko. Gainera, proiektuak mugitu egin behar dira, eta hori hemen oso zaila da. Guk gauzak egiten ditugu jendeak ikus ditzan, baina oso zaila da gero horiek erakustea, lanak ekoizteko bezainbeste energia behar baita gero horiek mugitzeko.
Zergatik kostatzen da horrenbeste lanak mugitzea?
Batzuetan ez zaiolako nahikoa garrantzi ematen. Arteak askoz ere balioetsiago egon beharko luke, baina ez da jendarterako beharrezkotzat jotzen. Aisialdirako bakarrik balioko balu bezala hartzen da, bigarren mailakotzat, ez behartzat. Hori arazoa da, oztopoa artistak egon daitezen, eta garrantzitsua da jendartean artistak egotea.
Nola egin beharko litzateke?
Alaitz:
Nik denbora luzez egin izan dut lan Belgikan, eta han oinarrizkoa da jardun artistikoaren sustapena, txikitatik. Hemen, berriz, sekulako hutsunea dago 2 eta 18 urte artean. Hezkuntzan, kultur politika askoz gehiago indartu beharko litzateke, kontua serio hartu. Pedagogiarik egiten ez delako, askotan jendeak pentsatzen du ez duela artea ulertuko, artista ez dakit non dagoen norbait balitz bezala, baina artistok ez gara beste mundu batekoak. Lasai hartu behar da, ez dago zertan dena ulertu. Artea gauzak arrazoiaz ulertzea baino zerbait gehiago da.
Maria:
Komunitate bat garrantzitsua dela uste bada, lagundu egin behar da komunitate hori egon dadin. Diru laguntzak lau urterako eman beharko lirateke. Epe horretan, artistak, egitasmoez gain, lan pedagogikoa ere egin dezake. Dantzan, esaterako, badago konpainiak sendotzeko laguntza bat, baina urtebeteko epea du, eta hurrengo urtean berriro hasi behar da beste proiektu batean pentsatzen, eta proiektu bat pentsatzeak denbora luzea behar du.
Pentsatu duzue inoiz dena uztea?
Maria:
Nik, iaz, eduki nuen halako krisialdi bat, zalantzak sortu zitzaizkidalako artearen arloan jarraitzeari buruz. Orduan, lagun batek esan zidan “baina zuk ez diozu inoiz dantza egiteari utziko”, eta arrazoia zuela ulertu nuen. Horrek asko lasaitu ninduen.
Alaitz:
Hausnartu bai, ea merezi ote duen horrenbeste sakrifizio... Loteria izango litzateke denbora eta diru nahikoa edukitzea bizpahiru urterik behin proiektu bat egiteko, ondo prestatuta.
Zuek, dena den, sari asko irabazi dituzue. Zertarako balio dute?
Sra. Polaroiska moduan sinatutako lehen lanak Injuve saria irabaztea gauza handia izan zen. Dirua beti etortzen da ondo, baita aitorpena ere. Gure Artea saria oso ondo etorri zaigu. Zalantzak dituzunean sari bat ematen badizute, pentsa dezakezu ez zarela oso txarto ari. Horrela, aukera dugu erradikalak izaten jarraitzeko, horrela jokatzen segitzeko. Gainera, dirua beti inbertitu izan dugu bidaiak egiten, gauzak ikusten... New Yorkera joan ginen, Mexikora ere bai, erresidentzia artistiko modukoak egiteko. Sortzen ari zarenean, beti ari zara ematen, eta noizbait jaso ere egin behar da, hunkitu...
Zuen lan kolektiboa eta diziplina aniztasuna balioetsi ditu Gure Artea sariak...
Ondo dago lan kolektiboak saritzea eta artista pertsona bakartia delako irudia haustea, ez baita horrela. Guretzat askoz ere errazagoa da elkarrekin jardutea; antza, emakumeon memoria historikoan iltzatuta dago elkarri laguntzea... Sariak ilusio handia egin digu, diziplinen arteko mugetan ibiltzen garelako. Adibidez, ez dugu Arte Ederrak ikasi, ez da beharrezkoa artista izateko, inondik inora.
Nola hasten da proiektu bat biren artean egin behar denean?
Elkarren artean hasten gara komentatzen: “Eta honi buruz zerbait egiten badugu?”. Beharrak sortzen hasten dira, interesak edo kezkak, batzuetan gozamena... beti hasten da gogoberotasun jakin batetik, zerbaiti buruzko jakin-minetik. Ideiaren sorkuntza eta proiektua elkarrekin egiten ditugu, eta ondoren banatzen dugu lana, ondoen egiten dakigunaren edo gure rolen arabera, baina ez bata zinemaren arlotik eta bestea eszenaren eremutik gatozela kontuan izanda. Biok dakigu batean zein bestean zer nahi dugun erabakitzen.
Izaten duzue eztabaidarik?
Bai, batzuetan sokatira izaten da; beste batzuetan, aldiz, ping-ponga. Sokatiran berdinketa gertatzen bada, atseden tarte bat hartzen dugu. Argi dugu arrazoia ez daukala inork, irtenbideak milioika daude, baina biok konbentzitzen gaituena hartu behar dugu. Kontua ez da norberaren arrastoa uztea, baizik eta modua bilatzea benetan esan nahi duguna behar bezala adierazteko.
Orain adineko emakumeekin ari zarete lanean...
Andrekale lana amaitu ondoren, emakumeekin lan egiteko gogoa geratu zitzaigun. Errodatzean, entzun genion mutiko bati lagunari harrotasunez esaten: “Begira, hori nire amama da!”, eta buruan iltzatuta geratu zitzaigun, ez dagoelako egunerokotasunean adineko emakumeen erreferenterik. Proiektua bi lerrotan ari gara gauzatzen. Batean, sabotaje edo boikot moduan, eurek egiteko ariketak planteatzen dizkiegu. Bestean, elkarrizketak egiten dizkiegu, amodioaz, desioaz eta sexualitateaz, adinean aurrera joandakoan. Gutxi batzuekin hasi gara, ezagunekin. Liluratuta gaude haiekin eta kontatzen dizkiguten gauzekin! Biltzen ari garen material horretatik film bat eta kanal askoko pieza bat egin nahi ditugu, edo instalazioa eduki dezakeen bideo sorta bat...
Sormen lana osorik egiten duzue. Prozesu osoa kontrolatzeko?
Ez, ikaragarri gustatuko litzaiguke norbaitek gure filmak, ikuskizunak eta lanak ekoiztea eta banatzea, baina hori ere “prekarietatearen” ondorioa da. Asko gustatzen zaigu jendearekin lan egitea, ez ikusten den zatian bakarrik, baita horren atzean dagoen lanean ere, baina ez dugu dirurik taldean nahi beste denbora jarduteko, eta azken erantzukizuna gurea da. Aurrekontuaren arabera, denbora gehiago edo gutxiago egon gaitezke beharrean jendearekin, baina hasi eta amaitu geuk egin behar dugu. Guri ekoizpenean eta banaketan lagun diezaguketen sekulako profesionalak daude, baina zintzoak izaten saiatzen gara, eta ezin badiogu norbaiti bi hilabetez ordaindu, bada, hilabeterako hartzen dugu, baina ondo ordainduta, ahal den neurrian, behintzat.
Ez duzue lan
hertsirik sortu nahi, zabalik uzten dituzue proposamenak. Zergatik?
Gaiak planteatzen ditugulako hausnarketa eragiteko, modu ironikoan, trufa eginez, askotan geure buruari barre eginez, baina bukaeran zer egin edo pentsatu behar den esan gabe, ezin diogulako inori esan zer egin behar duen. Halere, lanek beti edukitzen dute bukaera, kode bisualak zantzuak ematen ditu esan nahi dugunaz. Guretzat garrantzitsuena da obra ikusten duen pertsonak gaiaz hausnartzea, bakoitzak aterako ditu bere ondorioak.

KOLKOTIK

Gogoratzen duzue elkarrekin sortu zenuten lehen lana? Noski! Pero tú... ¿eres tú? No, yo soy su... 2002an sortu eta 2003an estreinatu genuen.
Zein arte adierazpide ez duzue inondik inora menderatzen?
Maria:
Animazioa 3Dn.
Alaitz:
Margotzea. Ez nintzateke ausartuko, errespetu handia diot.
Zer ikusten duzue ispiluaren aurrean jartzen zaretenean?
Maria:
Egunaren arabera. Batzuetan, gustatzen zaidan norbait; beste batzuetan, ez.
Alaitz: Ni neu.
Berdin ikusten da mundua kamera baten atzetik?
Alaitz:
Kamera beti egoten da zuk jartzen duzun tokian, eta ingurukoa ez da ikusten, baina ikuspuntu askotatik begiratu behar da.
Maria:
Eta munduak ez du berdin jokatzen aurrean kamera bat dagoenean.
Alaitz euskara ikasten ari da, zergatik?
Euskaraz bizi nahi dudalako.
Eta Maria?
Nahiko nuke, baina... aspaldi euskaltegian egon nintzen. Gero, lan asko ingelesez egiten hasi nintzen, eta euskara pixka bat lagata daukat, baina ezin dut horrela jarraitu. Halere, aitortu behar dut ez dakidala noiz iritsiko den momentua.
Alaitz, definitu Maria bi hitzetan.
Gogo bizi amaigabea!
Maria, zuri dagokizu.
Talentu paregabea!
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenuketen berria?
Biak:
Errefuxiatuentzako mugak ireki direla, eta beste herrialdeetako armadek alde egin dutela Siriatik.
Zerk beldurtzen zaituzte?
Biak:
Nonbait harrapatuta gelditzeak, gerratik ihes egin ezinik. Izugarria izan behar du.
Eta amorratu?
Biak:
Injustiziak.
Zer izan nahi zenuten txikitan?
Alaitz:
Abeslaria, aktorea... asko gustatzen zitzaidan mozorrotzea.
Maria:
Jolasean, herrialde exotikoetako espia izatea gustatzen zitzaidan. Arkitektoa ere izan nahi nuen. Eta albaitaria, baina arratoiekin esperimentuak egin beharko nituela esan zidatenean...
Eta orain zer ez zenukete izan nahi?
Alaitz:
Epailea, polizia... jendea hertsatu beharko nukeen lan batean aritzea.
Artista ez bazinete, zer?
Maria:
Asko kostatzen zait egoera hori irudikatzea... Musikarekin lotutako zerbait!
Alaitz:
Ikaragarri gustatuko litzaidake kulturaren kudeaketan jardutea.
Zer egiten duzue erlaxatu beharra duzuenean? 
Alaitz:
Batzuetan, etxean egon, isiltasunean, lasai irakurtzen... besteren bizitzak bizitzeak asko erlaxatzen du. Barrua hustu beharra badut, musika jarri eta dantza egin.
Maria:
Nik bigarren hori ere bai. Bestela, kantu gregorianoa entzun.