Abracadabra

abracadabra

Zuzendaria: Pablo Berger. Gidoia: Pablo Berger. Aktoreak: Maribel Verdú, Antonio de la Torre, José Mota, Josep Maria Pou, Quim Gutiérrez. Espainia, 2017.

Istorioa: Carmen etxekoandrea Madrilgo langile auzo batean bizi da. Senarrarekin nazka-nazka eginda dago, futbolarekin itsututa dagoen astakirtena baita. Ezkontza batean, hipnosi ikuskizun kaskar batean parte hartuko du senarrak eta, harrezkero, espiritu bat senarraren gorputzaz jabetzen ari dela konturatuko da Carmen.
Onena: Komedia serioa, drama komikoa... genero nahasketa berezi samarra eskaintzen du zuzendariaren hitzetan “komedia hipnotikoa” den filmak. Komikotik gehiago du, bai, baina aztarrika ibili gabe, gai serio askoak ere azaleratzen ditu, betiere Bergerrek hain berezkoa duen estiloan. Osagai xelebreak baliatuta, antzematen da Berger ongi moldatzen dela kostunbrismoaren eremuan eta Espainiako gizarte maila apalei heltzeko orduan. Ezin aipatu gabe utzi Maribel Verdú, ederki erakusten baitu zergatik den zuzendari bilbotarraren musa.
Okerrena: Gehiegikerian erorita, bizpahiru eszenak lekuz kanpo dirudite, irri eragile baino barregarri bihurtuta.
Eñaut Mitxelena