‘Handia’ Urrezko Maskorraren lehian izango da

handia

Donostiako 65. Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko da Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendutako Handia filma. Duela hiru urte ere parte hartu zuten Garañok eta Arregik, Loreak filmarekin (Garañok zuzendu zuen, Jose Mari Goenagarekin batera, Arregi gidoilarien artean zela; oraingoan, Goenaga gidoilari ibili da bi zuzendariekin batera). Orduko hartan harrera ona izan arren, ez zuten Sail Ofizialean saririk eskuratu. Migel Joakin Eleizegi Altzoko Handiaren bizitza du oinarri filmak, eta Eneko Sagardoy aktoreak jokatzen du XIX. mendean munduan ezagun egin zen altzotar erraldoiaren rola. Sail Ofizialetik at ere, euskal zinemak izango du bere lekua. Batetik, eta ohi bezala, euskal ekoizpenei eskainitako Zinemira sailean. Bestetik, beste zenbait sailetako ale bakanetan. Esaterako, Koldo Almandozen Plágan film laburra Zabaltegi-Tabakalera sailean eskainiko dute. Irailaren 22tik 30era izango da Donostiako 65. Zinemaldia.


 

karmenHIL ASKOTAKO lanaren ostean, Karmen Etxalarkoa izeneko pastorala eskainiko dute, irailaren 16an eta 17an, Etxalarren. Guztira, ehun lagunek baino gehiagok jokatuko dituzte Gerardo Mungia iruindarrak idatzi eta Pantxika Urrutyk zuzendutako pastoraleko paperak. Prosper Merimée idazlearen Carmen (1845) eleberri labur ezaguna, Carmen izeneko Etxalarko ijitoaren tragedia jasotzen duena, hartu dute oinarri pastorala ontzeko. Etxalarko herritar ugarik hartu dute parte egitasmoan, baita baztandarrek ere. Esaterako, eleberriko bigarren protagonista nagusi Jose baztandarra zenez, Miel Joxe Ariztia amaiurtarrak jokatuko du haren rola. Carmenena, aldiz, Etxalarreko Miren Olaetxeak. Bi emanaldiak Etxalarreko frontoian egingo dituzte, 15:30ean. Nolanahi ere, bi egunetan ekitaldi gehiago izango dira goiz eta arratsaldez. Sarrerak Etxalarren bertan eros daitezke, baita eskualdeko beste hainbat tokitan ere. Salmenta lekuen zerrenda http://karmenetxalarkoapastorala.eus gunean dago, pastoralari buruzko informazio gehiagorekin batera.

 

 

 

LABURREAN

EGUNEROKOTASUNA islatzen duten uneen bitartez, indarkeriaren biktima diren emakumeentzako bi egoitzatako (larrialdi egoeretarako bata, abegi etxea bestea) bizimodua biluztuko du Tanttaka Teatroaren Giltzadun etxea antzezlanak. Gizarte langile talde baten jardunak erakutsiko du emakume horien errealitate gogorra. Ainhoa Aierbek, Mireia Gabilondok eta Vito Rogadok, antzezlaneko hiru aktoreek, gorpuztuko dituzte. Mada Alderetek idatzitako testua Aizpea Goenagak itzuli du, eta Fernando Bernuesek zuzendu. Urriaren 31n eskainiko dute estreinakoz, Bilboko Arriaga antzokian.

URRIAREN 14tik 21era egingo da Lekeitioko Euskal Zine Bilera. Aurtengo jaialdia berezia izango da, 40. edizioa beteko duelako. Hala, ospakizunaren bitartez, jaialdiaren bilakaerari erreparatuko diote aurten. Bidenabar, aurrera begira jorratu beharreko urratsak landuko dituzte. Zein lan eskainiko diren jakinarazi ez duten arren, jakina da jaialdiak ohiko egiturari eutsiko diola. Hots, profesional eta amateur mailako lanak izango dira lehian.

MARTXAN DA VIII. Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren deialdia, formatu txikiko euskarazko sorkuntzak bultzatzeko Donostia Kulturak antolatzen duena, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen laguntzarekin. Irailaren 28ra arte aurkeztu ahal izango dira lanak, eta bi izango dira sarituak. Irabazleak 4.000 euro jasoko ditu, eta finalistak, berriz, 3.200 euro. Gainera,, aukeratutako bi antzezlanek launa emanaldi eskainiko dituzte 2018ko Donostiako Poltsiko Antzerki Jaialdian. Informazio guztia www.donostiakultura.eus gunean dago ikusgai.