Burrunba Azpeititik

gaitzeGaitze
Gaitze
(Hainbat zigilu, 2017)

“Ez gaude gaixorik, gu geu gaitun/k gaitza” kantatzen zuten Gaitze taldekoek duela bizpahiru urte kaleratu zuten lau abestiko maketan. Oraingoan, disko luzea dakarkigute, eskuz egindako diseinu dotoreaz apaindutako binilo ederra, lurrikara txikia sortu duena hardcore eta doinu zaratatsuen euskal zaleen artean. Gaitze taldeko hiru kideetatik bi Karkaba taldean aritutakoak dira, eta Karkaba oso talde estimatua (”mitikoa” ere esango nuke, hitza hain debaluaturik egongo ez balitz) izan zen bere garaian hardcore punk giroan, baina ez dut uste hori denik aspaldi honetan Gaitzeren inguruan entzun ditudan laudorioen arrazoi nagusia, azpeitiarren diskoak ez baitu iraganaren erreferentzien beharrik, eta ederto defendatzen baitu bere burua. Punk gordina, azkarra, amorratua, euskaraz eta erdaraz kantatua, crust ukitu batzuekin (bi ahotsen arteko uztarketagatik batez ere) eta generoak azken bolada honetan emandako uztaren batez bestekoaren oso gainetik dabilena.