Arkupehotsak, euskal musika bultzatu eta duintzera

arkupe

Arkupehotsak egitasmoa sortu du Azpeitiko Kulturaz kooperatibak, musika sortzaile berriei nahiz garatze bidean dauden musika proiektuei plaza duin bat eskaintzeko asmoz. Halaber, Euskal Herriko sortzaileen dinamika aktibatzea, euskarazko sorkuntzarako baliabideak jartzea eta euskal musikari hedapena ematea dira beste xede batzuk. Urtean bi deialdi izango dira. Lehenengoa uztailaren erdian itxi zen, baina udazkenean egingo da aurtengo bigarrena. Deialdi bakoitzean, 10-12 musika talde aukeratuko dira, eta horiekin osatuko da ondorengo sei hiletan Azpeitiko Arkupean izango diren kontzertuen egitaraua. Antolatzaileek azpimarratu dute ez dela lehiaketa, “sormena bultzatzeko laguntza baizik”, baina abesten den hizkuntza edozein izanik ere, euskarak izango du lehentasuna. Talde bati diskoa grabatu eta 500 kopia argitaratuko dizkiote (edo bideoklipa grabatu, diskoa dagoeneko kalean badu), eta aukeratutako taldeek (gehienez bost) aukera izango dute eszenatoki handian talde ezagun baten aurretik jotzeko. Horrez gain, hautatutako talde edo bakarlari horien proposamenen hedapena egingo du Kulturaz-ek.


 

zamarraZAMARRA ETA ATERKIA proiektua Xabier Zamargilearen ekimena da. Ibilbide laburreko hainbat taldetan parte hartu ondoren (Zata, Diot), musikari nafarrak jazzaren armoniak pop musikaren soinuarekin batu ditu lan honetan. Lehen urratsak Jorge Abadia jazz gitarrista eta irakaslearen eskutik egin zituen, hark eman baitzion kantuak sortzen jarraitzeko aupada, baina, hainbat aldaketaren ondoren, Manex Albira (gitarra elektrikoa) eta Beñat Artze (perkusioa) musikariekin egonkortu da proiektua. Hala grabatu dute Beharbada bai, beharbada ez izeneko lehen diskoa, hamaika kantuz osatua. Grabazioaren ondoren, baina, taldea laukote bilakatu da, Miren Aranguren (baxua) partaidearekin. Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak autoekoizpenak laguntzeko sortutako Hotsak zigiluak argitaratu du lana.

 

 

oionOION 100%
Hainbat lagun
bIDEhUTS, 2017

Herritarren arteko bizikidetasuna hobetzeko helburuarekin, Oiongo herrian burutu den proiektuaren emaitza da disko hau. Artehazia elkarteak sustatutako Komanditario Berriak programaren barruan osatu dute 80 herritarrek baino gehiagok (Komanditario Berriak artea bultzatzeko plataforma da, gizarte zibiletik sortua). Oiongo (23 herrialdetako jendea bizi da bertan) hainbat herritarrek osatu dute taldea, eta Mursegok egin du musika eta diskoa ontzeko koordinazio lana. Guztira, zortzi kantu, herritarrek osatutako hitzez hornituak.

sofaII
Sofa
Bonberenea Ekintzak, 2017

Bederatzi abesti alai eta jostalari bildu ditu Sofa taldeak aurtengo otsailean Karlos Osinagaren zuzendaritzapean grabatutako diskoan, bere bigarren lanean. Masterra, berriz, Jonan Ordorikaren ardura izan da. Kanta guztiak taldekideek eurek konposatu dituzte, eta abestien oinarriari egindako omenaldia da beraiena. Izan ere, abeslaririk eta letrarik gabe, musikaren armoniari eta konposizioari eman diete garrantzia, kantatzen dutenak kantuz kantu omendu eta disko instrumentala osatzeko. Erritmoa eta indarra ditu musikak, zuzenekoetan gozatzeko.