Ernesto Prat Urzainki

urzainkiErronka zaila da hiru liburu (soilik) aukeratu behar izatea, baina tira. Edorta Jimenezen Stock 13 (Txalaparta, 2009) buru-fikzio erotikoa kontakizun ausarta da, musikaz eta metaliteraturaz eraikia, pasarte intimoz eta pornografikoz betea.
Jon Alonsoren Beltzaren koloreak (Susa, 2016) saiakera laburra biziki argigarria da, genero beltzaren protagonistak, ideologia eta asmo ilunak aztertzen dituena.
Javier de Isusiren Asylum (Astiberri, 2017) komiki solidarioa zoragarria bezain sakona da, biribila, kontzientziak inarrosteko modukoa. Erbesteari, asiloari eta migrazioari buruzko hausnarketak marrazkietara ekarriz, errefuxiatuen errealitatea uzten du agerian arras era pedagogikoan. Gidoiak maisutasunez lotzen ditu historiaren, istorioen eta denboraren erritmoak, akuarelen kolore eta kromatismoen laguntzaz.