Zukafukamusuka, literatura erotikoa hiruren artean

ilustratu

Judit Ruiz de Munainen irudimenean sortutako hogei “ipuin, goxoki, gerezi” erotiko batu ditu Txalaparta argitaletxeak bere Literotura bilduman. Zukafukamusuka izena du hiru lagunen elkarlanetik jaiotako liburuak. Izan ere, alde batetik, egileak Patxi Zubizarreta izan du lagun ipuinok euskarara ekartzeko (halere, ez da itzulpen hutsa izan, narrazioei forma eman dien moldatzailea ere izan baita Zubizarreta); eta, bestetik, irudiak Jokin Mitxelenak sortu ditu, narrazioak grabatzaile japoniarren shunga generoko marrazki “nahiko esplizituekin” irudikatuta. Gizakiaren irrika menderakaitzenak beldurrik gabe bizi dituzte ipuinotako protagonistek. Idazlearen arabera, istorioek islatzen dituzte “edozeinek, batez ere emakumeek, eduki ditzakeen fantasiak; fantasia unibertsalak, alegia”. Ruiz de Munainek eguneroko egoeretan kokatu ditu aipatutako fantasiak, “baina ez dira egunerokoan gertatzen diren kontuak, geuk nahiko genituzkeenak baizik”.


 

amamaAMAMAREN GRAFITIAK (Erein) kaleratu du Toti Martinez de Lezeak. Hamar bat urte igaro dira idazle arabarrak Los grafitis de mamá gaztelaniaz argitaratu zuenetik, baina, orain, ama hura amama bihurtu da, eta aldaketa batzuk egin behar izan dizkio idazleak testuari euskarazko bertsioa argitaratzeko. Gaurkotasunik ez du galdu gaiak (etxetik kanpo lanik egiten ez duen etxekoandre ”arrunt” baten komeriak irakur daitezke umorezko bakarrizketa kritikoan), eta Martinez de Lezeak orduko grazia bera baliatu du idazlan berria egokitzean. Estibalitz Jalón Martínez ilustratzaile arabarrak idazlea bera irudikatu du liburua edertzen duten marrazkietan. Liburu asko ilustratu ditu arabarrak, batik bat haur eta gazte literatura arlokoak, 2007an bere lehen lana argitaratu zuenetik.

 

ospaOSPA
Juan Luis Zabala
Susa, 2017

Bildumako 23 kontakizunetako pertsonaiaren bat ezagutuko duzu, ziur aski: pankarta zabaldu du alkatearen mutur parean; faxista baten biografia idazteko tentatuta dago; bonbilla erre da, aldatu egin beharko... Ez dago narrazioak batzen dituen gairik, nahiz eta denen artean baden ahaidetasuna. Ezinegonak iheserako premia pizten du pertsonaia gehienengan, baina ihesa, batzuetan, ezinezkoa da, ezustekoen iturri ere bai inoiz, eta, beste askotan, abiaburura itzultzeko lehen pausoa.

 

kaosKAOSAREN EDERRA
Yoseba Peña
Gaumin, 2017

Ebak ez du Adam ezagutzen, baina, aurkeztu diotenean, aspalditik maite duela sentitu du. Nola, ordea? Ebari déjà vu txikietan itzuliko zaio Adamekin izan zuen maitasun istorioa, baina norbaitek ez die elkarrekin egoten utzi nahi. Adamek frogatuko dio talde ezkutu batek guztiok programatzen gaituela gauero, hurrengo eguneko gidoia zehaztu eta bizi izandakoa betiko ahantzarazita. Aipagarriak dira Mikel Mendibilek egin eta orriotan azaltzen diren komiki zatiak.