Bidali nahi beste mezu megarik gastatu gabe!

Telefonia enpresen arabera, Googlek, Amazonek eta enparauek egundoko negozioa egiten dute operadore gaixoek jarritako azpiegitura fisikoari esker (kable sareak, antenak...). Horregatik, denbora daramate esaten modu bat ez bada, beste bat topatuko dutela ‘sareko neutraltasuna’ deitzen dena apurtu, eta internauta bakoitzari erabiltzen dituen zerbitzuen tarifa ezartzeko.
Duela urte batzuk, operadoreen asmoa zen kable bidezko konexioetan pakete bereziak ezartzea, erabilitako zerbitzuen arabera. Imajinatu: konexioa izateagatik, 10 euro, eta, haren gainean, gehigarriak: Youtube erabiltzeagatik, 5 euro; Skype eta antzekoengatik, beste 5; online dendetara sartu ahal izateko, beste horrenbeste...
Neurria ez litzateke batere sinpatikoa, eta hainbat instantzia politikok zein judizialek esan dute ez litzatekeela onargarria. Horrenbestez zer egin dute? Gure online kontsumoaren gero eta zati handiagoa den sakelako telefonoen konexioei begira jarri, eta planteamendu antipatikoari goitik beherako buelta eman, marketinaren bidez magia eginez: “Kontratatu ‘Berbalapiko’ plana, eta erabili Whatsapp eta sare sozialak zure megak kontsumitu gabe. Online musika gustuko baduzu, ‘Entzun’ planak Spotifyra konektatzeko aukera ematen dizu, zure megak gastatu gabe...”, eta zure ohiko mega horietatik aparte ordainduta, noski.
Bihotzez diotsuet: espero dut plan horiek ez izatea harrera ona. Zeren, bestela, ez da denbora asko pasako ‘ohiko megak’ kontratatzeko aukera desagertu, eta bakoitzaren tarifa erabili nahi dituen zerbitzuen arabera osatuz joateko. Horrek zuzenean desegingo luke orain arte ezagutu dugun Internet sarearen ezaugarri nagusienetakoa, neutraltasuna, hain zuzen, eta erabat zapuztuko lituzke sareari komunikazio eta informazio tresna unibertsal gisa geratzen zaizkion aukera urriak. Beste egunen batean aipatuko dugu, adibidez, segapotoko aplikazio santuek zelako kaltea eragin dieten informazio eta dokumentu formatu estandarrei, RSSen erabilerari eta abarri.
Tira, zuek ikusi, e? Baina zuen operadoreak halako ‘mugarik gabeko plana’ eskainiz gero, nik neuk birritan pentsatuko nuke onartu aurretik...

Loturak, estekak, linkak

https://labur.eus/LMyc3
Gehiago sarearen neutraltasunari buruz, txoko honetan bertan :-)

https://labur.eus/g9SB8
(gazteleraz)
Gehiago ‘zero’ tarifa hauek ekar ditzaketen ondorioei buruz.

https://labur.eus/ItIDN
Gaztezulo aldizkarian ere gai honi buruzko gehiago.