‘Muxutruk.net’, hartu eta eman musu-truk

muxutruk

Erosi, bota eta erosi. Kontsumo gizartean hain ohikoa den gurpil zoroari alternatiba bat eskaintzeko asmoz, Muxutruk.net sortu dute hiru gazte nafarrek. Derrigor trukerik egin behar izan gabe, bakoitzak ahal duena edo nahi duena jasotzeko edota eskaintzeko aukera ematen du guneak. Zerbitzuak, tailerrak, objektuak, elikagaiak... denetatik eskaini edo jaso daiteke, aukera askorekin: trukea eginda, hartu gabe emanda, eman gabe hartuta... betiere guztia musu-truk. Finean, “dirurik eta pribilegiorik gabeko” harreman sarea da Muxutruk.net. Hori bai: zerbitzua erabili ahal izateko, gunean izena eman beharra dago.


 

jolasEUSKAL HERRIKO jolasguneen gida izateko xedez jaio da Jolasparkeak.eus ataria. Txatxilipurdi elkarteak, Goiena Komunikazio Taldeak eta Olgeta Jolaserako Baliabide Zerbitzuak sortu dute, aire zabalean jolaserako topa daitezkeen eremuen mapa osatzeko. Zazpi euskal lurraldeetako esparruak biltzen ditu, baina ongi bereizitako bi kategoriatan. Batetik, jolas parkeak; hots, haurrentzako txirrista, zabu eta jolaserako antzeko egiturak dituzten lekuak, jolaserako espreski sortuak. Bestetik, jolasguneak; hau da, jolaserako egokiak diren aire libreko guneak: plazak, pilotalekuak, parkeak... Guneak aukeratzerakoan, irizpide jakinak jarraitu dituzte sortzaileek, hala nola, doakoak izatea, estaliak, ahalik eta material naturalenekin eginak, haurren motrizitatea, sormena eta abentura sena sustatuko dituzten osagaiak edukitzea... Bestalde, eta gida ahalik eta osatuen izan dadin, erabiltzaileei ere ematen die aukera jolasguneen gomendioak egiteko.

LABURREAN

XXI. MENDEAN jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako liburuen zerrenda jasotzen du Euskal Literaturaren Apalategiak. Juan Luis Zabala kazetari eta idazleak 2000. urtetik aurrera jasotako erreferentziak dira, eta orain Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Institutuaren webgunean ipini dute: http://ehu.eus/ehg/apalategia/. Egun, 2000. eta 2016. urteen arteko 6.094 erreferentzia biltzen ditu, baina urtero eguneratuko dute.


mintzatuAZKUE FUNDAZIOAK 11 lekutan Mintzatu! izeneko lehiaketa ipini du abian udan, eta irailaren 24ra arte har daiteke parte. Mintzatu aplikazioaren erabilera sustatzea du helburu lehiaketak. Euskaraz hitz egiten den munduko leku guztiak elkarlanaren bidez identifikatzeko balio du Mintzatu aplikazioak. Horretarako, aukera eskaintzen du euskaraz mintzatzen den munduko lekuak bilatzeko eta leku berriak etiketatzeko, euskaraz egiteko lagunak topatzeko edota norberaren kokalekua partekatu eta solaskideak ezagutarazteko. Horrenbestez, aplikazioan leku berri gehien sartzen dituena, bere burua leku ezberdin gehienetan etiketatzen duena eta aplikazioan hamaika leku berri azkarren etiketatzen dituena izango dira lehiaketaren hiru irabazleak. Xehetasun guztiak Azkue Fundazioaren webgunean (www.azkuefundazioa.eus) irakur daitezke.