Meandroetan

julenJulen Gabiria

Zure idazle kutunetako batek beste liburu bat atera duela ikusi. Liburua esku artean hartu. Irakurtzen hasi. Zenbat eta aurrerago egin, orduan eta liluratuago sentitu. Liburua amaitu. Eta betiko zalantza hori: hain zeure sentitu duzun liburuari baimena eman zeure izateari utzi eta besteena ere izan dadin, ala inori ez esan, zeure izaten segi dezan?
Asko izan dira, liluraren liluraz, neure baitako kaiolan gorde ditudan gutiziak, inorekin ere partekatu gabeak. Oraingoan, baina, ezin dut halakorik egin. Uda osoa aurretik izanik, zerbait txukuna irakurtzeko gogoa izango duzu, eta nik ere lau haizetara oihu egiteko premia daukat, hain izan baita aparta berriki amaitu dudan liburua, hain izan baitira jakiteko modukoak bertan esaten diren kontuak, eta hainbestekoa baitauka fikzio uholdearen azpian ezkutatuta geratzeko arriskua. Zalantzarik gabe, azken urte osoan irakurri dudan libururik onena, jatorriz euskaraz sortutakoen artean (ez ditut denak irakurri, hori ere egia da): Kepa Altonagaren Patagoniara Hazparnen barrena saiakera labur bezain bizia. Digresioak diruditen (baina funtsezkoak diren) apunteetatik abiatuta, Altonagak erabateko zehaztasunera jotzen du maisuki, gehienontzat ezezaguna den kontu bat azaleratzeko: XIX. mende amaieran, Argentinako lur mugagabeetan, Euskal Herri berri bat eraiki nahi izan zuen Florentzio Basaldua bizkaitarraren abenturak eta kalenturak, eta, batez ere, garai hartako testuingurua: gosete latza, pobrezia, emigrazio demasekoa, foruen galera, euskal esentziari eutsi nahia, eliteko ilustratu batzuen ametsak, biografia gurutzatuak...
Azkar leitu, baina barruan luze irauten duten obra horietako bat da, ez soilik kontatzen denagatik, ezpada kontatzeko moduagatik ere: bi punturen arteko distantziarik laburrena lerro zuzena dela dioten arren, hona hemen paperezko esku bat, hari heldu eta ibai narratiboaren meandroetan lasai paseatzera eramango zaituena, patxadaz, jomugara zuzenean heltzeko presarik gabe. Gero ez esan uda arin pasatu zaizunik: hau irakurrita, luzarorako gaia izango duzu buruan bueltaka, uda nahi beste luzatzeko moduan.