Sagardogintza

sagardoaEuskal Sagardoa botiletan eskuragai

Dagoeneko eskura daiteke saltokietan Euskal Sagardoa, jatorri deitura berria duen sagardoa. Berez, urte hasieran aurkeztu zuten, txotx garaiari ekin zitzaionean. Ekainaren hasieratik, baina, botilan eros daiteke. Orain arteko Eusko Label zigilua ordezkatuko du deitura berriak, eta bi bereizgarri nagusi bermatuko ditu: tokikoa eta kalitatezkoa dela, hau da, % 100 bertoko sagarrekin egina dagoela eta kalitate kontrol zorrotzak egin zaizkiola. Oraingoz, 36 sagardogile batu dira Euskal Sagardoaren zigilupean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde nagusien babesa ere jaso dute. Aurten, 1.320.000 litro merkaturatu dituzte  Euskal Sagardoa deiturapean. Halere, ondorengo urteetan kopurua handitzeko asmoa agertu dute ekoizleek. Azken batean, bertoko sagarraren ekoizpena areagotu eta sendotzeko helburua du jatorri deitura berriak. Oraingoz, Euskal Herriko 115 sagar mota onartu dituzte Euskal Sagardoa jatorri deituraren barnean. Uda sasoi betean, aitzakia askorik ez da behar sagar horien guztien zukua botilatik fresko-fresko dastatzeko...